Euskal gehiengo sindikalak grebara deitu ditu Hezkuntza Publikoko langileak, Eusko Jaurlaritzaren murrizketak salatzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskatzeko
EAEko Hezkuntza Publikoan Jaurlaritzak ezarri dituen murrizketen aurka kalera atera dira Haurreskolak Patzuergoko, Hezkuntza Bereziko, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako irakasle eta sukaldeetako eta garbiketako langileak. Greba deialdiak Lehen Hezkuntzan izan du eragin handiena Busturialdeko herrietan.
Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan gaurko eta biharko egin dute grebarako deia Steilas eta ELA sindikatuek. Aurretik ere egin dituzte mobilizazioak LAB sindikatugaz batera, baina, oraingoan, LABek ez ditu mobilizazioetara deitu Haurreskoletako, garbiketako eta sukalde zerbitzuetako langileak, Jaurlaritzarekin akordioa lortu zuelako joan den astean.
“Hezkuntza publikoko langileon lan baldintzak, eta berdintasunean eta kalitatean oinarritutako hezkuntza, txanpon beraren aldeak dira”, esanda grebarekiko jarrera argi utzi zuen Steilas sindikatuak. Eusko Jaurlaritzari, urteetan inposatutako “murrizketen gutxitzea” eta “hezkuntza politika” errotik aldatzea eskatzen dio sindikatuak.
Hezkuntzako inbertsioa handitzea eskatzen die sindikatuek, baita irakasleen ordezkariak lehen egunetik jartzea. Gainera, ikasle gehiago egon arren, irakasle kopuruak berbera izaten jarraitzen du, eta horren kexu dira. Sindikatuek zentroak egonkortu egin nahi dituzte, 10 irakasletik 4 baitira behin-behinekoak.
Legebiltzarretik Lakuara manifestazioan joan ziren atzo eguerdian. Argazkia: ELA Sindikatua
Biztanle kopuru handia duten herrietako ikastetxeetan, asko izan dira greban egon diren irakasleak. Lekeitioko eta Markina-Xemeingo ikastetxeetan, esaterako, irakasleen %82,2 eta %84,2 egin dute greba. Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean, berriz, irakasleen %56 eta hezitzaileen %100 ez dute lan egin.
Haurreskoletan igarri da gutxien grebaren eragina. Adibidez, Busturiakoan bi hezitzailetik, batek egin du greba. Beste guztietan, aldiz, ez dute grebarik egin. Institutuetan, batez beste, irakasleen erdiak ez du lanik egin bertoko herrietan.
Arrazoiak. “Administrazioaren jarrera guztiz itxia izan da eta gure ekarpenak entzuteko prestutasunik ez du agertu», esan du STEILAS sindikatuak greba arrazoitzeko.
Astelehenean izan zuten Lan Legepeko Irakasle eta Hezitzaileen negoziaketa mahaia, baina ez ziren adostasunera iritsi sindikatuak; zazpigarren bilera izan zen hura.
Martxoaren lehenengo astean, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Sukalde eta Garbiketan, eta LABek Haurreskoletan akordioak sinatu zituzten Jaurlaritza eta Patzuergoko zuzendaritzagaz. Gainera, Heziketa Bereziko bileran Jaurlaritzak proposatutakoari baiezkoa eman zioten LAB eta CCOO sindikatuek. Hala ere, asteleheneko batzarrean, ez sinatzea erabaki zuen LABek.
Ez sinatzearen erabakia azaltzeko, LABek gogorarazi zuen “prekarietate egoera” eta “feminizatua” pairatzen dutela langileek: “ELA eta Steilasek ordezkatzen duten %49ak ez du akordioa berresten gaur egun. Lan hitzarmenean aldaketak eragiteko, ezinbestean babes gehiago behar da langileen ordezkarien partetik”.
Hala ere, Steilas eta ELA sindikatuen jarrera gogor salatu zuen LABek astelehenean: “Langile askoren kaltetan akordioa bera arriskuan geratu da. Ez sinatzea erabaki dute, langileen beharretatik aldenduz eta beste interes batzuei erantzuten dion dinamika lehenetsiz”.
Steilasek, bere aldetik, oinarrizkotzat jotzen zituen puntuak jasotzen ez zirela ikusita, ez sinatzea erabaki zuen. LABen jarreragaz ez zen ados agertu Steilas, negoziaketekin aurrera jarraitzeko “eragin negatibo” bezala deskribatu baitzuten gertatutakoa.
Bere aldetik, ELAk salatu du, kasuan kasu, LAB, CCOO eta UGTk sinatutako akordioek ez dutela aurrerapausorik suposatzen: “Ez diete sektore hauetako egoera larrienei erantzuten eta azken urteetan aplikatutako murrizketak mantentzen dituzte”. ELArentzat garrantzia berezia dute gaurko eta atzoko grebek: “Mobilizazioei eusteko gai bagara, gobernuari proposamen berri eta hobeak mahai gainean jartzera behartuko ditugu”.
Legebiltzarretik Lakuara manifestazioan joan ziren atzo eguerdian. Argazkia: Itsasne Gabriel
Biharko mobilizazioak. Gaur eguerdian Legebiltzarretik Lakuara manifestazioa egin dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetako langileek. Bihar berriz, EAEeko hiru hiriburuetan batuko dira.
Bilbon Kale Nagusiko Jaurlaritzaren egoitzaren paretik 12:00etan irten, eta Arriagaraino joango dira. Donostian, ordu berean Boulevardean batuko dira.