Bizkaiko Foru Aldundiak Ibarrangeluko Akorda auzoko errepidea konponduko du
Bizkaiko Foru Aldundiak prest dauka Akordako errepidea konpontzeko proiektua, eta Ibarrangeluko Udalak barikuan auzotarrei aurkeztu zien. Hain zuzen, udalak lehenengoz egin du osoko bilkura Akordan.
Auzoko taberna jendez bete zen, eta osoko bilkuragaz batera, herritarren batzarrra ere egin zuten. Akorda auzoari zelanbaiteko aitortza egiteko baliatu zuten arratsaldea.
Deialdiak izandako erantzunagaz pozik daude udal ordezkariak, eta auzoetako batzarrak eredugarriak direla azpimarratu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak: “Eragiten dieten gaiak jorratzen ditugu, eta jendeak parte hartzen du”.
Akordako bidea konpontzea aspalditik aurreikusitako proiektua dela esan du alkateak. “Foru bidea da, eta hainbat urteren ondoren, aldundiak proiektua onartu, eta esleipen prozesuan dago”.
Informazioa eta azalpenak emateagaz batera, bertaratutakoen iritziak eta ekarpenak jaso zituzten, eta horiek udalak bideratuko ditu aldundira. Besteren artean, bihurguneak kentzea gura dute auzotarrek. “Lursailaren jabea prest dago lekua uzteko, eta behar izanez gero, udalak dituen bitarteko ekonomikoak jartzeko prest gaude”.
Errepide estua da, eta ibilgailuen joan-etorria erraztu asmoz, bidea apur bat zabalduko dute. Ezkerreko aldetik urak hartzeko areka jarrita 0,50 zentimetro zabalduko da bidea, eta eskumako aldean sei baztergune egingo dituzte, luzeran 15 bat metrokoak eta zabaleran 2,5 metrokoak. “Bazterguneak, gutxi gorabehera, 300 metrotik 300 metrora jarriko dituzte. Goikaldekoa desberdina izango da, hormatxoa jarriko diote eta”, zehaztu du alkateak.
Aldundiko txostenean alde tekniko guztiak jasota daude, bai eta errepideak dituen arazoak ere. Gaur egungo errepidearen egoera zein den zehazten da, eta konponketa lanak zelan egingo dituzten.
Lanotarako 253.354,01 euroko aurrekontua aurreikusi du aldundiak.