Izan Blue jaialdi arrakastatsua
Izan Blue festak ekintzez bete zuen Ekoetxea Urdaibai dorretxea, zapatuan. Afestta elkarteak, Bizipozak, Obra Social Ischadiak eta 'Un paso mas por el Tourette'-k elkarlanean antolatutako jaialdia izan da asteburukoa.Hitzaldia, tailerrak, laguntza txak...
Izan Blue festak ekintzez bete zuen Ekoetxea Urdaibai dorretxea, zapatuan. Afestta elkarteak, Bizipozak, Obra Social Ischadiak eta ‘Un paso mas por el Tourette’-k elkarlanean antolatutako jaialdia izan da asteburukoa.
Hitzaldia, tailerrak, laguntza txakurren erakustaldia, janaria, kontzertua eta txokolatada ekitaldiak izan ziren Ekoetxea Urdaibai dorretxean zapatuan; guztiak Izan Blue jaialdi solidarioaren barnean antolatutako ekitaldiak.Tourette gaixotasuna ezagutzera emateko eta gaiaz informatzeko helburua duen proiektua da Izan Blue. Tourette gaixotasuna duen Amaia Alvarez Afestta elkarteko zuzendariordearen semeari laguntzeko erabiliko den laguntza txakurren tratamendua ezagutarazi zuten antolatzaileek Busturian. Hortik datorkio izena, hain zuzen ere, proiektuari, Blue txakurraren izena baita.
Ekintzaz betetako eguna antolatu zuten Un paso mas por el Tourette elkartekoek, eta ez zutela horrelako erantzunik espero adierazi zuen Amaia Alvarezek: «Espero genuena baino jende gehiago bildu da. Ekintzaz betetako egun honek gaixotasunaren inguruan ahalik eta jende gehiago informatzeko aukera ematen du».
Goiza Izan Blue proiektuaren aurkezpenagaz hasi zen. Azalpenak emateaz gain, laguntza txakurren erakustaldia egin zuten antolatzaileek. Izan ere, Tourette sindromeaz informatzea eta kontzientziazioa sortzeaz gain, laguntza txakurrek gaixoekin burutzen duten lana erakutsi nahi izan zuten.
Izan Blue proiektuaren hasiera Ekoetxea Urdaibaik antolatutako jardunaldi batean hasi zela adierazi zuen Amaia Alvarezek. Bera da, gainera, proiektu horren protagonista.
Lehen aldia izango da Espainiako estatu mailan laguntza txakur batek Tourette gaixotasuna duen gazte bat zainduko duena. Gaixotasunak sortzen dituen «tik» ezberdinei aurre egiteko laguntza eskaintzea eta familia kideei zerbait gertatzen dela abisatzea dira txakurraren zereginetako batzuk: «Sendagairik egon ez arren, txakurrak nire semearen jokabideak lasaitu ditzake. Bestela, abisua emateko gai ere bada». Hartara, laguntza txakurragaz «lasaiago» sentitzen dela adierazi zuen Alvarezek.
Blue proiektua bere familiarena dela adierazi zuen Alvarezek, baina proiektu «gehiago» egingo direlakoan dago zuzendariordea. Horretarako, egiten duten lana «ezagutaraztea» beharrezkoa dela adierazi zuen Alvarezek. Lehen pausoak ematen ari den proiektua da honakoa, oraindik ere bide luzea duena.
Hitzaldia amaitu eta gero, eguerdian, Pupu eta Lore haizearen herrira ikuskizuna egin zuten Urdaibai Ekoetxean. Familian bertaratu ziren herritarrak, jaialdiagaz gozatzeko asmoagaz, eta hala egin zuten. Antzerkira egokitutako gela bete egin zuten herritarrek, umeen presentzia nagusituz bertan. Espero ez zuten arrakasta izan zuen ekitaldiak, familia asko bildu ziren-eta dorretxean.
Ongintzazko ekitaldi gastronomikoa ere burutu zuten antolatzaileek. Izan ere, Izan Blue proiektuaren aldeko ekitaldi gastronomikoa antolatu zuten Madaixaganeren laguntzaz. Jan bitartean, gainera, haurrentzako tailerrak egon ziren.
Arratsaldean, musikaz gozatu zuten bertaratutakoek; Marenek abestu zuen, eta guztiek kantatu zuten gernikarragaz. Giro ederra sortu zen abeslariaren eta ikusleen artean.
Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei, eta txokolate jana egiten bukatu zuten eguna. Tourette gaixotasunaren inguruan antolatutako egunari amaiera bikaina eman zioten.