Bizkaiko Pentsionistak Martxan taldeak mozioa aurkeztu du Ondarroan
Udalbatzari gaia aztertu eta horri buruz eztabaidatzeko eskatu diote. Zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute Lea-Artibaiko eta Busturialdeko elkarteekBizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteak mozioa aurkeztu zuen atzo, Ondarroa...
Udalbatzari gaia aztertu eta horri buruz eztabaidatzeko eskatu diote. Zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute Lea-Artibaiko eta Busturialdeko elkarteek
Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteak mozioa aurkeztu zuen atzo, Ondarroan. Hainbat herritarrek lagunduta joan ziren erregistrora, eta proposamena aurkezten ari ziren bitartean, beste hainbeste pentsiodun babesa emateko zain eduki zituzten kanpoan.Elkarteko kideek azaldu zutenez, Ondarroako udalbatzari gaia aztertu eta horri buruz eztabaidatzeko eskaera egin nahi diote. Eta mozioa Ondarroan aurkeztu ez eze, beste hainbat udal gobernuri ere aurkezteko asmoa daukate. «Ahal dugun udal guztietan ari gara eskaera bera egiten. Gure indarra erakutsi behar dugu».
Mozioan, besteak beste, hainbat eskari egin dituzte. Alde batetik, pentsioen %0,25eko «igoera ziztrina» arbuiatzeko eskatzen dute, eta, era berean, Europako Gutun Sozialak ezarritako 1.080 eurotako gutxiengo pentsioa ezartzeko. Dokumentua erregistratu ostean adierazi zutenez, gaia martxoaren 22an egingo den udalbatzan aztertuko da.
Era berean, dozenaka herritar batu ziren atzo eguerdian Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzean. Bertan nabarmendu zutenez, «duintasunez» bizitzen lagako dieten gutxieneko pentsioak bermatzea nahi dute. Izan ere, Espainiako Gobernuak egin dituen pentsioen erreformek «kalte handia» egin die. «Pentsiodun gehienok txirotasun atalasearen azpitik kobratzen dugu, eta urte luzez lan egin eta kotizatu ondoren, gure bizitzako azken urteotan gero eta zailagoa egiten zaigu duintasunez bizitzea».
Zapatuan 17:00etan herrialde mailako manifestazioa egingo da Bilbon, eta Lea-Artibaiko eta Busturialdeko elkarteek bertaratzeko deia egin dute. «Bilbon egingo den manifestazioa handia izatea espero dugu». Eibarren ere manifestazioa deitu dute; Unzaga plazan hasiko da 12:00etan.