Gernika-Lumoko taldeak 24-37 galdu zuen Avia Eibar Rugby-ren kontra, zapatuan. Hala ere, pozik daude basurdeak, eta Euskal Ligan orain arte jokatu duten
partidurik onena izan dela nabarmendu dute.
“Galdu arren, guretzat partidua irabazi genuen. Oso ondo aritu zen taldea. Euskal Ligan jokatu ditugun partiduetatik gusturen amaitu duguna izan da”, azaldu du Lukene Uriarte kapitainak.
Izan ere, taldea sortu zutenetik bigarren denboraldia da, eta badakite Amaiur Torneoagaz alderatuta, Euskal Ligan partidu gehiago galtzea tokatuko zaiela. Esperientzia hartzen joatea dute helburu, eta taldea sendotzeko lanean jarraitzea. “Markagailuak ez digu asko ardura; zapatuan ikusi zen talde bat garela, eta indarra daukagula”.
Aurreko partiduetan baino
jarrera lehiakorragoagaz aritu zen talde gernikarra. Eibarrek estreinatu zuen markagailua. Hasierako minutuetan bi entsegu egin zituen talde gipuzkoarrak (ez zituzten transformatu), eta partiduko hirugarrena etxekoek egin zuten. “Eurek entsegua egiten zuten bakoitzean, gu burua makurtu ordez, gehiago animatzen ginen”.
Argazkia: Aitor Lauzirika Omaetxebarria.
Eibarrek zazpi entsegu egin zituen, eta Gernika RTk lau (horietatik hiru transformatu zituzten). Etxeko taldean hainbat jokalari daude min hartuta, eta ondorioz, hamabost jokalarigaz jokatu behar izan zuten. “Horrek aldaketak egiteko edo txandakatzeko mugatu egiten gaitu. Espero dugu hurrengo partidurako jokalari gehiago egotea; horrek lasaitasun gehiago ematen du-eta”.
Hain zuzen, bi aste barru Gaztediren kontra lehiatuko dira. Zapatuan egindako lanagaz oso pozik daude, eta hurrengorako gogotsu.
Argazkia: Aitor Lauzirika Omaetxebarria.