Erronka berriei denbora eman behar zaie. Edo hori esan ohi da, behintzat. Egoera berrien aurrean pazientzia edukitzea beharrezkoa da, batez ere kirolaren eta kirolarien kasuan. Alabaina, ez da hori Mundaka Arraun Taldeko emakumeen kasua. 40 urte luzeko ibilibidea du kostako arraun taldeak; ez, baina, emakumeen arraun taldeak.
2018ko otsailaren 17an denboraren mugak gaindi daitezkeela ikusi zuten Mundaka Arraun Taldeko emakumeek. Izan ere, senior mailan lehen aldiz, trainerua atera zuten, eta Orioko jaitsieran lehiatu ziren. Aurtengo denboraldia hasi eta hilabete gutxira lehitu ziren arraunlariak, denboraren mugak erabat gaindituz.
Erramon gizonezkoen traineruari Lamiak emakumezkoen trainerua gehitu zaio herrian. Aurtengo denboraldian sortutako taldeak otsailaren 17a finkatu zuen lehenengo lehiaketan itsasoratzeko eguna bezala, eta hala egin zuen. “Giro ona” eta “osasuntsua” nagusitzen den talde gaztea da Mundakakoa, ikasteko gogotsu dagoena.
Ainhoa Ruiz Mundaka Arraun Taldeko kideak azaldu modura, “ondo pasatzeko eta kirola egiteko asmoagaz hasi zen taldea”. Konpromisoetan sartu gabe elkartu ziren adin desberdinetako emakumeek ez zuten espero orain izaten ari diren “eskakizun maila” edukitzea, “serio” hartzen baitute arrauna. “Gozatzeko urtea zelakoan hasi ginen, baina serio hartzen dugu orain”, aitortu du Ruizek. Fisikoki “ondo” daudela ikusita, egiten duten lana lehiatzeko aprobetxatu nahi dute. Horregatik, ondo pasatzea helburu hartuta, lehiatu ere egin nahi dute andrazkoek. “Taldearen helburuak aldatu dira, bakoitzaren eskakizun maila aldatu delako”, Ruizen hitzetan.
Mundaka Arraun Taldeko neskak Orion. Argazkia: Mundaka Arraun Taldea
Taldeko giroa. Talde kiroletan garrantzitsua da partaideen arteko harremana bultzatzea eta sendotzea, emaitzak lortu nahi badira, behintzat. Mundakan, arraun taldearekiko konpromisoa badaukate emakumeek; izan ere, “primerako” giroa daukatela dio Ruizek: “Daukagun giroa familiartekoa da, oso ondo moldatzen gara, eta entrenatzeko gogoa ematen du horrek”.
Herriko jendez beteta dago Mundaka Arraun Taldea, hala ere, kirolariek ez zuten elkar ezagutzen arraunean hasi ziren arte: “Ezagutzen ginen, baina ez geneukan harremanik gure artean, 18 zein 35 urteko emakumeak batu gara eta”.
Kirola praktikatu izan dute taldeko arraunlari gehienek, baina ez itsasoan praktikatzeko kirola; Ruizek, esate baterako, eskubaloia praktikatu zuen arraunean hasi baino lehen. “Talde kirola praktikatu nahian, arraunean hasteko aukera eman zuen taldeko zuzendaritza berriak. Hori aprobetxatuta, abenturara joatea erabaki nuen”, aitortu du arraunlariak. Talde “edarra” osatu dutela gaineratu du.
Lan gogorraren emaitza izan zen Orioko jaitsieran parte hartzea
Orioko jaitsiera. 40 urteko arraun taldean lehen aldiz itsasoratu zen emakumezkoen trainerua lehiatzeko asmoz. Orio izan zen mundakarrentzat berezi bihurtu den egunaren lekukoa.
Batelak atera izan dituzte arraun taldean izan diren emakumeek, baina Aitor Aizpuria taldeko idazkariak esan bezala, lehenengo aldia izan zen emakumeen traineruak itsasoan lehiatzen zuena. 13 emakume eta patroia izan ziren otsailaren 17an lehen aldiz lehiatu zirenak. “Urduritasuna, emozioa eta ezjakintasuna sentitzen nituen Orion itsasoratu baino lehen”, aitortu du Ruizek.
Mundakarrak bazekien arrauna gogorra zela, baina ez “horrenbesterainokoa”. Erlojupekoa zen Orioko proba, eta epaileak atzera kontaketa egiten zuen bitartean, traineruan “urduritasuna” nagusitu zen.
Gogor aritu ziren mundakarrak Orion, eta irabazi ez arren, lan “ona” egin zuten. “”Bagenekien galduko genuela, baina ariketa ona egin nahi izan genuen, teknikak landu, eta lortu genituen helburuak”, adierazi du pozik Ruizek.
Orain, gogoz daude hurrengo estropada noiz helduko entrenatzen: “Oso ondo aritu ginen Orion, eta asko gustatu zitzaigun. Eskatzen dena eman dezakegula uste dugu, eta horretarako entrenatzen gara”.
Gogotsu dago Ruiz, eta hurrengo helburua finkatuta dute dagoeneko. Deustun lehiatuko dira bigarrenez traineruan, martxoaren 25ean. Lehenengo esperientzia erreferentzia izanda, bigarrenean “segundo batzuk gutxitzea” eta “lana ondo” egitea espero dute arraunlariek.
Nesken taldea. Argazkia: Mundaka Arraun Taldea
Lamiak. Tradizioari jarraiki, mundakarren artean ospetsuak dira Lamiak. Horien zuzendari izan zen Ainhoa Ruiz arraunlaria, eta traineruak Lamiak izena edukitzea “oso berezia” da beretzat. Herriko trainerua herriko tradizioagaz lotzea “polita” dela dio: “Traineruen izena oso garrantzitsua da arraunean, eta guk hori herriko tradizioagaz lotu dugu, berezia eta hunkigarria da”.
Taldeko hamazazpi emakumeetatik bik izan dute esperientzia arraunean, hala ere, hasi eta denbora gutxira, Orioko jaitsieran bikain aritu ziren.
Ikastea helburu hartuta, lehiatzeko prest daude Mundakako Lamiak, eta gogor entrenatuko dute horretarako. Bidea zabaltzen doaz, kirolean beharrezkoa izan ohi diren denbora tarteak gutxituz eta aurrez aurre dituzten erronkak betez.