Amankomunazgoa zabor gehien sortzen dituztenekin bilduko da
Lea-Artibain zabor gehien sortzen dituzten denda, taberna, ostatu eta jatetxeekin bilduko dira. Organikoa sailkatzeko interesa erakutsi duten ikastetxeekin ere lanketa hasi dira egitenAmankomunazgoak beste pauso bat eman du. Hala, martxoan eskualde mai...
Lea-Artibain zabor gehien sortzen dituzten denda, taberna, ostatu eta jatetxeekin bilduko dira. Organikoa sailkatzeko interesa erakutsi duten ikastetxeekin ere lanketa hasi dira egiten
Amankomunazgoak beste pauso bat eman du. Hala, martxoan eskualde mailan zabor gehien sortzen dituzten denda, tarbena, ostatu eta jatetxeekin bilduko dira. Horiekin guztiekin zuzenean harremanetan jarrita, bilketa datuak «asko hobetuko direla» uste dute.Zehaztu dutenez, zabor gehien sortzen dituztenen artean daude 68 denda, 140 taberna, 13 ostatu hotel, pentsio eta aterpetxeak eta 27 jatetxe. «Horiez gain, hainbat elkarte gastronomikok ere organikoa bereizteko interesa erakutsi dute. Momentuz, horiei zuzendutako proposamenik ez badago ere, euren herriko udaletxeetan eskatu ahal dute informazioa».
Horrez gain, ikastetxeekin ere bestelako lanketa bat egiten ari dira. Hala, organikoa sailkatzeko interesa erakutsi duten ikastetxeetako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasgeletarako organikoa biltzeko materiala banatu dute. Dena dela, momentuz eskaerarik egin ez duten ikastetxeetara ere laster helduko direla esan dute. «Modu horretara, ikasleek hamaiketakoa jaten dutenean sortu ahal den hondakin organikoa edukiontzi marroira bota ahalko dute».
Ohitura bihurtzea helburu
Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidenteak dio oso garrantzitsua dela txikitatik jakitun izatea eta ohitura hartzea. «Ikasleek euren etxebizitzetan duten organikoa birziklatzeko materiala eta eskolakoa berdinak izango dira. Horrenbestez, ikasgelan daukaten ohitura hori etxera eramateko aukera egongo da».
Konpostagailua duten ikastetxeak ere badaude eskualdean. Hala ere, horiei ere hondakin organikoa batzeko materiala banatuko diete. «Garrantzitsua da ikasleek edukiontzi marroia zertarako den ezagutzea, eta, ondorioz, etxean zein eskolan praktika bera edukitzea».
Orain arte edukitako bileretatik pozik atera da Amankomunazgoko lehendakaria, eta lehen hilabeteetako datuak laster azalduko dituztela gaineratu dute.