Gernikako Arbolaren kimua landatu zuten domekan Morgako Oñarte auzoan. Mari Tere Artetxe Morgako alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Ana Rosa Olea eta Alazne Abrisketa udalerriko zinegotziak izan ziren Oñarte auzoko aisialdira bideratutako gunearen inaugurazio ekitaldian.
Ez da Bizkaiko udalerrian landatzen den Gernikako Arbolaren lehenengo kimua, izan ere, orain dela urte batzuk Morgako Udalak beste kimu bat eskatu zuen Andra Mari plazan landatzeko. Baina plaza hori berriztatze lanetan dago orain, eta kimua berriz landatzea ez da gomendagarria.
Oñarte auzoa. Herritarraren auzolanagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzagaz orain dela gutxi berreskuratutako tokia da Oñarte auzoa. Aisialdira bideratutako eserlekuak eta mahaiak jarri dituzte bertan herritarrek. Gainera, latsarri txiki bat eta iturria ere egin dituzte bertan.
Oñarte auzoa “historia asko eta istorio asko” biltzen dituen lekua dela esan zuen Otaduik inaugurazio ekitaldian. Morgako alkateak gainera, auzoak beste garai batean topaleku modura eduki zuen balioa itzultzeko asmoa adierazi zuen: “Denbora igaro ahala, leku honek bere funtsa galdu du eta udalak hori konpondu nahi du”.
Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Ekitaldia bukatzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak kimuaren egiazkotasuna bermatzen duen ziurtagiri ofiziala eman zion herriko alkateari. Ostean, bertan bildu ziren agintari zein herritarrek kimua landatzeko lehenengo palakadak emateko aukera izan zuten. Eta, ekitaldia bukatzeko, Morgako Dantza taldeak aurreskua dantzatu zuen.