Errealitate birtualean oinarritutako kanpaina jarri dute martxan
Turismoa sustatzeko errealitate birtualean oinarritutako kanpaina berria aurkeztu dute Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan. Iñigo Magunagoikoetxea turismo zinegotziak eta Amaia Garcia turismo arduradunak herria bisitatzeko turistek erabil ditzaketen tekno...
«Herria ezagutzeko sare sozialak erabiltzen dituzte gero eta bisitari gehiagok. Horren aurrean, herriaren irudia eguneratzeko helburuagaz, teknologia berriak erabiltzea erabaki dugu», azaldu du Magunagoikoetxeak.
Udalerriko turismoa modu berri batean sustatzeko eta bisitariengana heltzeko helburuagaz, errealitate birtuala eta mugikorreko marketin teknologia erabil daitezke dagoeneko. Izan ere, Turismo Bulegoan 360 graduko hiru dimentsioko esperientzia estereoskopikoa probatzeko aukera daukate turistek. Horretarako, euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez moldatutako errealitate birtualeko betaurrekoak daude eskuragarri. «Betaurrekoak probatuz gero, aste- lehenetako azoka, Jai Alai frontoia eta Batzar Etxea bere horretan ezagutu ahal izango dituzte turistek», azaldu du turismo zinegotziak.
Mikrobideoak
Errealitate birtualaz gain, turismo kanpaina berria osatzeko, herriko leku turistikoak ezagutzera bideratutako 11 mikrobideo kaleratuko ditu udalak. Bisitariei herrian zer ikus daitekeen eta lekuak zelakoak diren erakusten dituzten 6 segundoko 11 bideo dira.
Udaleko sare sozialetan zein webgunean egongo dira mikrobideoak, baita turismo gidetan ere. QR teknologia erabilita, mugikorragaz ikusi ahal izango dira turismo gidetan txertatutako bideoak.
11 mikrobideo horiez gain, guztiak batzen dituen 136 segundoko bideo luze bat ere egin du udalak; turistei «herriko plangintza egiten» laguntzeko. Gernika-Lumoko herrian oinarritutako sei esaldik osatzen dute aipatu bideoa.