Urtero, herriko emakumeen kolektibo bat aukeratzen du Erroxape Bermeoko Emakumeen elkarteak, eta Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, euren lana goraipatzen dute. Aurten,
Bermeoko sareginak aukeratu dituzte, eta
beraiek egindako lanari esker ona adierazteko ekitaldia egin dute gaur.
Sareginen ogibideaz aritu dira berbaldi batean
Herriko saregin guztien lana eskertzeko omenaldia izan da, hala eta guztiz ere, denen izenean lau ordezkarik parte hartu dute, belaunaldi ezberdinetakoak. Erretiroa hartuta daude dagoeneko Mari Karmen San Pedro eta Juani Maceira, eta oraindik, sareak josten ikus daitezke Maria Uriondo eta Bitore Urkijo.
19:00etan hasi da ekitaldia Erroxapek Erreten parkean duen egoitzan, eta
hainbat lagun bertaratu dira, horien artean egon dira Aingeru Astui eta Benito Ibarrolaza zinegotziak.
Argazki zaharrak ere erakutsi dituzte
Sareginek egiten duten lana ezagutzeko aukera eduki dute bertaratutako guztiek, askorentzat ezezaguna den lana, gainera. Arriskuan dagoen ogibidea ere bada, gero eta gutxiago baitira bertoko portuetan sareak josteko prest agertzen direnak. Mari Karmen San Pedrok eta Juani Maceirak ondorengoei ogibidea irakasteko ardura hartu zuten. Euren lan egiteko moduaz aritu dira gaur, eta berdina egin dute oraindik lanean jarraitzen duten Uriondok eta Urkijok. Hartara, lehengo zein oraingo lan egiteko modua ezagutzeko aukera izan dute han bildutakoek.
Erroxapeko abesbatzak girotu du ekitaldia bere abestiekin, eta sareginen ordezkariek lore sorta bana jaso dute elkarteko kideen eskutik. Luntxarekin amaitu dute.
Iaz, amamak izan ziren omenduak, euretariko askok lan handia egiten baitute. Orain dela bi urte, berriz, emakume baserritarrak izan ziren protagonistak.