Eskubaloia aukera bezala
Urdaibai Eskubaloi taldeak eskualdeko kirolean presentzia gero eta sendoagoa dauka. Eskubaloia erakustea du helburu familia giroan mugitzen den taldeak.Busturialdean diziplina guztietako kirolak lantzen diren arren, batzuen presentzia nabariagoa da bes...
Urdaibai Eskubaloi taldeak eskualdeko kirolean presentzia gero eta sendoagoa dauka. Eskubaloia erakustea du helburu familia giroan mugitzen den taldeak.
Busturialdean diziplina guztietako kirolak lantzen diren arren, batzuen presentzia nabariagoa da besteen aurrean. Futbolak, errugbiak edota saskibaloiak izan dezakeen garrantziaren aurrean eskualdean eskubaloia bultzatzeko helburuagaz sortu zen Urdaibai Eskubaloi taldea. Gaur egun, kategoria guztietan partaideak izatea lortu duen talde sendoa da.Mundakan eta Bermeon zeuden bi taldeak batu eta gaur egungo Urdaibai Eskubaloi taldea sortu zuten 1998an. Taldera ahalik-eta «jende gehien» hurbiltzea eta eskubaloia eskualdean gehiago praktikatzea direla beraien helburu nagusiak jakinarazi du Jose Luis Luzarraga presidenteak: «Interesgarria da herriak jakitea badagoela eskubaloi talde bat». Helburuak gauzatzea «zaila» dela badaki Luzarragak, baina ekintzen bitartez «helburuak betetzen» ari dira, eta «pozik» daude horregatik.
Hitzaldiak, lehiaketak edota ikastaroak antolatzen dituzte zuzendaritza taldekoek. Horregaz, eskubaloiaren inguruan gazteak «hezi» eta «informatzea» lortzen dutela onartzen dute. Ekitaldiak antolatzea lan gogorra den arren, aurrera jarraitzen dute eta gero eta jende gehiago hurbiltzea lortzen dute. Hitzaldiak, entrenatzaileei zuzendutako ikastaroak, eskubaloi sariketak eta ekintzaz betetako klubaren eguna dira antolatzen dituzten ekintzetako batzuk.
Azken urteetan taldea «asko handitu» dela eta eskubaloiaren presentzia jende artean «nabariagoa» dela aitortu du Iker Romero taldeko kirol zuzendariak. Izan ere, azken bost urteetan, jokalari kopuruak hazkunde garrantzitsua izan du, 350 pertsona izatera iritsi arte. 2013-2014. denboralditik 150 jokalari gehitu dira taldera.
Kirolarien hazkundeak kategoria ezberdinetako talde kopurua gehitzea eragin du, nesken eta mutilen presentzia handituz. Taldeen berritasun horrek senior mailan ondorioak eragin zituen iazko denboraldian, nesken zein mutilen taldeek maila galdu zuten eta. Iazkoa «trantsizio denboraldia» izan zen Iker Romeroren ustean, eta eskubaloian jokatzen ikasteari emaitzei baino garrantzia handiagoa ematen die taldekoek.
Neska seniorrak, sendo
Aurtengo denboraldi erdia igarota, nesken senior taldea indartsu dabil; aurrerapausoak ari dira ematen, eta taldearen proi- ekzioa handia da jokoari dagokionez; joan den urtean, esate baterako, zenbait kirolari Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako selekzioekin aritu ziren: «Gaztetxoen mailako bi neska Espainiako Txapelketan aritu ziren Euskadiko selekzioagaz, eta bat Espainiako selekzioaren teknifikazio saioetan egon zen». Euskadiko selekzioagaz taldeko bi mutil ere aritu ziren.
Jokalarien kopurua igo da, ez, ordea, herri desberdinetako jendearena. Mundakan eta Bermeon presentzia aktiboa daukan eskubaloi taldeak bi herri horietako jokalariak batzen ditu, Muru- etako bi kirolari eta Busturiako bat salbuespena izanda. Eta hori ikusita, eskubaloia beste herri batzuetara zabaldu nahi dute: «Mundaka eta Bermeo beste herrialde batzuetatik banatzen duen hesi bat dagoela dirudi Mundakatik haratago. Badakigu oraindik ez garela beste herrietara heldu».
Jose Luis Luzarragak Bermeon eskubaloia futbolaren parean dagoela uste du, baina badaki askorentzat ezezaguna dela beraien jarduna: «Poliki-poliki gero eta presentzia handiagoa daukagu. Eskoletan presentzia aktiboa izatearen ondorioa da hori». Gero eta talde sendoagoa da Urdaibai Eskubaloi taldea, eta «famili giroa» nagusitzen da: «Kategoria bateko kirolariak beste talde batzuk animatzera hurbil- tzen dira, batez ere senior mailakoak ikustera joaten dira. Hartu-eman ona dago kategoria zein taldeetako jokalarien artean».
Kirola garrantzitsua da, baina lehiaketatik kanpo, eskubaloia bultzatzeko bestelako bideak ere badituzte Urdaibai Eskubaloi taldekoek. Denboraldiaren amaieran, adibidez, talde guztiak batu eta egun osoko ekintzez lagunduta, klubaren eguna ospatzen dute. Horrelako ospakizunak dira, hain zuzen ere, familia sentimendu hori suspertzen dutenak. Egun horretan denetarik aurki daiteke Romerok azaldu duenez: «Txangoa egiten dugu, adin ezberdinetako kirolari zein familiakoak biltzen gara, abestu egiten dugu, baita jokatu ere. Ekintza desberdin ugariz betetako eguna da, familia giroa bultzatzen duena».
Arazoak
Kategoria guztietan talde bakarra baino gehiago izateak entrenamendu ordu asko eskatzen ditu, eta hori gauzatu ahal izateko, tokia behar da. Momentuz, konpontzen dira Bermeoko eta Mundakako kiroldegietan daukaten tokiagaz, baina bestelako aukerak lantzen ere badabiltza etorkizunerako.
Busturialdeko bestelako kirolen mailan kokatzeko lan ezezaguna egiten dute eskubaloi taldearen zuzendaritza kideek, baina «gogotsu» dabiltza, amateur mailatik profesionaltasunerantz pausoak emanez. Lan handia da, baina eskubaloiarekiko maitasunagaz erraz egiten dute.