Eskubaloia aukera bezala
Eskualdeko kirolean presentzia gero eta sendoagoa duen taldea da Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Aurtengo denboraldi erdia igarota, nesken senior taldea indartsu dabil; aurrerapausoak ari dira ematen, eta taldearen proiekzioa handia da jokoaari dagokionez; joan den urtean esate baterako, zenbait kirolari Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako selekzioekin aritu ziren: “Gaztetxoen mailako bi neska Espainiako Txapelketan aritu ziren Euskadiko selekzioagaz, eta bat Espainiako selekzioaren teknifikazio saioetan egon zen”. Euskadiko selekzioagaz, taldeko bi mutil ere aritu ziren. Jokalarien kopurua igo da, ez ordea, herri desberdinetako jendearena. Mundakan eta Bermeon presentzia aktiboa daukan eskubaloi taldeak, bi herri horietako jokalariak batzen ditu, Muruetako bi kirolari eta Busturiako bat salbuespena izanda. Eta hori ikusita, eskubaloia beste herri batzuetara zabaldu nahi dute: “Mundaka eta Bermeo beste herri batzuetatik banatzen duen hesi bat dagoela dirudi Mundakatik haratago. Badakigu oraindik ez garela beste herrietara heldu”. Jose Luis Luzarragak Bermeon eskubaloia futbolaren parean dagoela uste du, baina badaki askorentzat ezezaguna dela beraien jarduna: “poliki-poliki gero eta presentzia handiagoa dugu. Eskoletan presentzia aktiboa izatearen ondorioa da hori”. Gero eta talde sendoagoa da Urdaibai Eskubaloi taldea eta “famili giroa” nagusitzen da: “Kategoria bateko kirolariak, beste talde batzuk animatzera hurbiltzen dira, batez ere senior mailakoei ikustera. Hartu-eman ona dago kategoria zein talde ezberdinetako jokalarien artean”. Kirola garrantzitsua da, baina lehiaketatik kanpo, eskubaloia bultzatzeko bestelako bideak ere badituzte Urdaibai Eskubaloi taldekoek. Denboraldiaren amaieran, talde guztiak batu eta egun osoko ekintzez lagunduta, klubaren eguna ospatzen dute. Horrelako ospakizunak dira, hain zuzen ere, familia sentimendu hori suspertzen dutenak. Egun horretan denetarik aurki daiteke Romerok azaltzen duenez: “Txangoa egiten dugu, adin ezberdinetako kirolari zein familiakoak biltzen gara, abestu egiten dugu, baita jokatu ere. Ekintza desberdin eta askoz betetako eguna da, famili giroa bultzatzen duena”. Arazoak Kategoria guztietan talde bakarra baino gehiago izateak entrenamendu ordu asko eskatzen ditu, eta hori gauzatu ahal izateko, tokia behar da. Momentuz, konpontzen dira Bermeoko eta Mundakako kiroldegietan daukaten tokiagaz, baina bestelako aukerak lantzen ere badabiltza etorkizunerako. Busturialdeko bestelako kirolen mailan kokatzeko lan ezezaguna egiten dute eskubaloi taldearen zuzendaritza kideek, baina “gogotsu” dabiltza, amateur mailatik profesionaltasunerantz pausoak emanez. Lan handia da baina eskubaloiarekiko duten maitasunagaz erraz egiten dute.“Klubaren eguna bezalako ekintzak izateak suspertzen du taldean nagusi den lagunarteko sentimendua”