Gaurtik aurrera Turismo Bulegoan errealitate birtualeko betaurrekoak probatu ahal izango dituzte bisitariek.
Turismoa sustatzeko errealitate birtualean oinarritutako kanpaina berria aurkeztu dute gaur, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan. Iñigo Magunagoikoetxea turismo zinegotziak eta Amaia Garcia Turismo arduradunak aurkeztu dituzte herria ezagutzera emateko erabiliko diren teknologia berriak.
Magunagoikoetxeak esan bezala, “herria ezagutzeko sare sozialak erabiltzen dituzte gero eta bisitari gehiagok. Horren aurrean, herriaren irudia eguneratzeko helburuagaz, teknologia berriak erabiltzea erabaki dugu”. Ekimenak bisitarien interesa “handitzea” helburu duela zehaztu dute turismo arduradunek.
Udalerriko turismoa modu berri batean sustatzeko eta bisitariengana heltzeko helburuagaz, errealitate birtuala eta mugikorreko marketing teknologia erabili ahal izango dira gaurtik aurrera. Izan ere, Turismo Bulegoan 360 graduko hiru dimentsioko esperientzia estereoskopikoa probatzeko aukera izango dute turistek. Horretarako, euskaraz, ingelesez, gazteleraz eta frantsesez moldatutako errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliko dira.
“Betaurrekoak probatuz gero, astelehenetako azoka, Jai Alai frontoia eta Batzar Etxea bere horretan ezagutuko dituzte turistek”, azaldu du Magunagoikoetxeak. Leku horietan ematen diren ekintzak ikusteko aukera ez duten bisitariei zuzendutako betaurrekoak dira: “Bisitari guztiek ez dute astelehen goizetan azokara joateko aukera, ezta zesta partidua ikustekoa ere; teknologia berriarekin, tokiak bere horretan ezagutuko dituzte”.
Mikrobideoak
Turismo kanpaina berria osatzeko, herriko leku turistikoak kontuan hartuta, mikrobideoak kaleratuko ditu udalak. Bisitariei herrian zer ikus daitekeen eta lekuak zelakoak diren erakusten dituzten 11 bideo izango dira. Batzar Etxea eta Gernikako Arbola, Chillida eta Henry Mooren eskulturak Europako Herrien Parkean, Euskal Herria Museoa, Andra Mari Eliza, Picassoren
Guernica margoaren horma irudia, Jai Alai frontoia, Nestor Basterretxearen eskultura, Merkatu plaza, Bakearen Museoa eta Pasealekuko eta Astrako babeslekuak dira mikrobideoetan agertuko diren udalerriko 11 tokiak. 5 eta 10 segunduko bideo laburrak dira hauek, lekuen perspektibak erakusten dituztenak.
Udaleko sare sozialetan zein webgunean egongo dira mikrobideoak, baita turismo gidetan ere. QR teknologia erabilita mugikorrarekin ikusi ahal izango dira turismo gidetan txertatutako bideoak.
Horrez gain,11 mikrobideoak batzen dituen 136 segunduko bideoa egin du udalak, turistei bisita planifikatzen laguntzeko helburuagaz. 11 mikrobideoez aparte, Gernikako herrian oinarritutako sei esaldik osatzen dute
bideoa.