Emakumeek sistema "patriarkal eta androzentrikoa" salatu dute
Andrazkoen lanak gehiago baloratzearen alde aritu dira Gernika-Lumoko emakumeak
Prentsaurrekoa egin zuten atzo Gernika-Lumoko emakumeek, Emakumeak Planto aldarriagaz bat egingo zutela adierazteko herritarrei. Jendearen arreta piztu zuen Foruen plazan egindako aurkezpenak, hitzez gain, pankartak erabili baitzituzten Emakumeen Egunean egingo duten plantoaren arrazoiak adierazteko.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin modura, Gernika-Lumoko emakumeek ere bat egingo dute Emakumeok Planto aldarriagaz. Martxoaren 8an planto egitera deitu zuten atzo, “menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko”.
Emakumeen Egunean greba egiteko “arrazoi asko” dituztela esan arren, bost gai azpimarratu zituzten atzo emandako prentsaurrekoan. Legean dagoen sistemak “feminizatutako ogibideak” ezkutatzen eta gutxiesten dituztela esan zuten emakumeek; hau da, bizitzaren “iraunkortasunarekin eta zaintzarekin” lotutako lanak, sistemak ez dituela behar bezala baloratzen. Lan horiek neurri handi batean emakumeek eta nagusiki migranteek egiten dituztelako, sistemak “ikustezin” bihurtu dituela salatu zuten prentsaurrekoan.
Bigarrenez, sistemak ez dituela emakumeen enpleguak gizonezkoenak bezala baloratzen adierazi zuten; emakumeek urtean %7 gutxiago kobratzen dutela azalduz.
Boterean dagoen sistemak “feminizatutako lanbideen” eta autonomoen prekarietatea sustatzen duela eta, planto egitera deitu zuten Gernika-Lumoko emakumeek. Arrazoitzeko, Euskal Erkidegoan etxeko langileen erdia baino gehiago emakumeak eta atzerritarrak direla adierazi zuten.
Ezagutzan eta mundu akademikoan sistema “patriarkal eta androzentrikoa” nagusitzen dela azalduta, horren kontra agertu ziren Gernika-Lumoko emakumeak: “Emakumeen ekarpen historikoak alboratzen dituelako, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituelako, eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituelako”.
Gainera, indarkeria moldeak egunerokoan daudela eta hedabideek emakumezkoen irudiak “objektu” gisara baliatzen dituztela esanez, planto egiteko arrazoiei bukaera eman zieten.
Plantorako erak
Herritarrei planto egitera bultzatzea da Gernika-Lumoko emakumeen helburua. Martxoaren 8an greba feministarako deia zabaldu zuten, “hitz jario” ustelekin eta ekintzen eskasiarekin “nekatuta” daudela arrazoituz. Hori horrela, plantoa nola gauza daitekeen azaldu zuten, bakoitzak bere esparrutik “ahal duena” egiteko esanez eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzera animatuz.
Amantalak edo ikur feministak balkoira edo leihoetara ateratzeko deia egin zuten prentsaurrekoan, baita besoko morea janztekoa. Agindu kontsumisten kontra agertzeko, ez kontsumitzeko eta lanuzteak egiteko esan zuten emakumeek. Martxoaren 8ko lanuzteak 11:00etatik 15:00ak arte eta 18:00etatik 22:00etara arte izango direla zehaztu zuten gainera.
Lanuzteez gain, mobilizazioak izango dira martxoaren 8an Gernika-Lumon, eta herritarrei horietan parte hartzeko eskatu zien emakumeek. 12etan hasita kalejirak herriko kaleak girotuko ditu. Bi zutabe aterako dira, bat Institututik eta bestea Juan Kaltzada egoitzatik. Baina ekitaldi nagusia, 13:00etan Merkurion izango dela jakinarazi zuten. Ondoren, arratsaldean, Merkurion hasitako manifestazioa egingo da 20:00etan.
Martxoak 8a emakumeen eguna bada ere, gizonezkoei parte hartzera gonbidatu zien: “Gizonezkoak zaintza eta etxeko lanen kargu egitera eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu”.
Bermeon, gaur
Bermeoko emakumeak Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako grebagaz bat egin nahian, partehartzeko deia egin dute.
Gaur grebaren berri emateko prentsaurrekoa antolatu dute Kabidxen 18:00etan.
Arlo desberdinetan lan egiten duten andrek deitu dute grebara, baita erakunde desberdinek: Salicako delegatuak, Erroxape, Norez, LAB, Etxez etxeko laguntzailea,Zalloko delegatua, Haurreskola, Sagrado Corazon ikastetxea, Elizalde ikastola, Bermeoko Udala eta Sorginorratz taldea.