Emakumeek sistema «patriarkal eta androzentrikoa» salatu dute
Andrazkoen lanei balio handiagoa ematearen alde aritu dira Gernika-Lumoko emakumeak. Martxoaren 8an ikur feministak balkoira ateratzeko deia egin dutePrentsaurreko masiboa egin zuten atzo Gernika-Lumoko emakumeek, Emakumeak Planto aldarriagaz bat eging...
Andrazkoen lanei balio handiagoa ematearen alde aritu dira Gernika-Lumoko emakumeak. Martxoaren 8an ikur feministak balkoira ateratzeko deia egin dute
Prentsaurreko masiboa egin zuten atzo Gernika-Lumoko emakumeek, Emakumeak Planto aldarriagaz bat egingo zutela adierazteko herritarrei. Jende asko- ren arreta bereganatu zuten Foruen plazan egindako deialdian, eta hitzez gain, pankartak erabili zituzten herritarrak planto egitera bultzatzeko.Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin modura, Gernika-Lumoko emakumeek ere bat egingo dute Emakumeok Planto aldarriagaz. Martxoaren 8an planto egitera deitu zuten atzo, «emakumeak menpean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko».
Emakumeen Egunean greba egiteko «arrazoi asko» dituztela esan arren, bost gai azpimarratu zituzten atzo emandako prentsaurrekoan. Legean dagoen sistemak «feminizatutako ogibideak» ezkutatzen eta gutxiesten dituztela esan zuten; hau da, bizitzaren «iraunkortasunagaz eta zaintzagaz» lotutako lanak sistemak ez dituela behar bezala baloratzen. Lan horiek neurri handi batean emakumeek eta nagusiki migranteek egiten dituztela- ko, sistemak «ikustezin» bihurtu dituela salatu zuten.
Bigarrenez, sistemak ez dituela emakumeen enpleguak gizonezkoenak bezala baloratzen adierazi zuten; emakumeek urtean %7 gutxiago kobratzen dutela azalduz.
Boterean dagoen sistemak «feminizatutako lanbideen» eta autonomoen prekarietatea sustatzen duela eta, planto egitera deitu zuten Gernika-Lumoko emakumeek. Arrazoitzeko, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan etxeko langileen erdia baino gehiago emakumeak eta atzerritarrak direla adierazi zuten.
Ezagutzan eta mundu akademikoan sistema «patriarkal eta androzentrikoa» nagusitzen dela azalduta, horren kontra agertu ziren, «emakumeen ekarpen historikoak alboratzen dituelako, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituelako eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituelako».
Gainera, indarkeria moldeak egunerokoan daudela eta hedabideek emakumezkoen irudiak «objektu» gisara baliatzen dituztela esanez, planto egiteko arrazoiei bukaera eman zieten.
Plantorako erak
Herritarrak planto egitera bultzatzea da Gernika-Lumoko emakumeen helburua. Martxoaren 8an greba feministarako deia zabaldu zuten, «hitz jario» ustelekin eta ekintzen eskasiagaz «nekatuta» daudela arrazoituz. Hori horrela, plantoa nola gauza daitekeen azaldu zuten, bakoitzak bere esparrutik «ahal duena» egiteko esanez, eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzera animatuz.
Amantalak edo ikur feministak balkoira edo leihoetara ateratzeko deia egin zuten, baita besoko morea janztekoa ere; zaintza eta ugalketa lanak baztertzearen seinale modura. Agindu kontsumisten kontra agertzeko, ez kontsumitzeko eta lanuzteak egiteko esan zuten emakumeek. Gororatu zuten Martxoaren 8ko lanuzteak 11:00etatik 15:00ak arte eta 18:00etatik 22:00etara arte izango direla.
Lanuzteez gain, mobilizazioak izango dira martxoaren 8an Gernika-Lumon, eta herritarrei horietan parte hartzeko eskatu diete. 12:00etan hasita, kalejirak herriko kaleak girotuko ditu. Bi zutabe aterako dira, bat Institututik eta bestea Juan Kaltzada egoitzatik. Baina ekitaldi nagusia 13:00etan Merkurion izango dela jakinarazi dute. Ondoren, arratsaldean, Merkurion hasitako manifestazioa egingo da, 20:00etan.
Martxoak 8a emakumeen eguna bada ere, gizonezkoak parte hartzera gonbidatu dituzte: «Gizonezkoak zaintza eta etxeko lanen kargu egitera eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu».
Bermeon, gaur
Bermeoko emakumeek Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako grebagaz bat egin nahian, parte hartzeko deia egin dute. Gaur grebaren berri emateko prentsaurrekoa antolatu dute Kabidxen, 18:00etan.
Arlo desberdinetan lan egiten duten andreek eta hainbat erakunde zein eragilek egin dute grebarako deia: Salicako delegatuak, Erroxapek, Norezek, LABek, etxez etxeko laguntzaileek, Zalloko delegatuak, Haurreskolak, Sagrado Corazon ikastetxeak, Elizalde ikastolak, Bermeoko Udalak eta Sorginorratz taldeak.