Udalak sustatutako lau etxebizitza egingo dituzte Muruetan
Muruetako Udalak etxebizitza berrien promoziorako deialdia zabaltzea onartu du azken osoko bilkuran. Oraingoa azkena baino promozio «txikiagoa» izango dela esan du Muruetako alkate Jabier Ondarzak.
2009an, Babes Ofizialeko hamalau etxebizitza egin zituzten. Orain, eskaria txikiagoa dela eta, lau etxebizitza egitea aurreikusi dute. «Egoera dagoen moduan, gazteek diru aldetik dauzkaten aukerak txikiagoak dira. Etxebizitzen prezioak neurtuak izango badira ere, ordaindu egin behar dira», dio Ondarzak. Udalak sustatutako etxebizitzak Babes Ofizialeko eta tasatuen bitarteko erregimenean eskainiko dituzte, eta kooperatiba forman eraikiko dituztela azaldu du alkateak.
Goiherri Aurre auzoan egingo dituzte etxebizitzak, 2009. urtean egindako etxebizitzen inguruan. Hortaz, tipologia aldetik antzekoak izango direla jakitera eman du alkateak. 90 metro koadro edukiko dituzte, garajea eta trastelekua, bai eta lorategi txiki bat ere.
Izena ematerako orduan, herritarrek lehentasuna izango dute, hala ere, edonork eman ahal du. Interesa daukatenek udaletxean eman beharko dute izena. Bihar zabalduko dute epea, eta martxoa amaitu arte eman ahalko da.
Muruetako Udalaren helburua tarteka etxebizitza promozio bat eskaintzea da, bertokoei herrian bizitzeko aukera eman asmoz. «Mota honetako promozioak egin arte, ez da erraza jakitea herrian dagoen etxebizitzen beharrizana».
Udalak sustatutako azkenengo etxebizitzen promozioei esker, gazteek herrian geratzeko aukera eduki dute, eta inguruko herrietako gazteak ere badaudela esan du Ondarzak; hortaz, gazte kopurua gehitu dela nabarmendu du.