Bosgarren urtez, Lekuek jaialdiak estilo eta ibilbide ezberdinetako taldeak batuko ditu herriko taberna eta musika zentroetan
Lekuek jaialdiak girotutako musikaren astea iristear da Gernika-Lumoko leku handi zein txikietara, baita herritarrengana ere. Gernikak duen “bizitasun musikala” bultzatzeko orain bost urte sortutako jaialdia barikuan hasiko da eta hurrengo asteko domekara arte iraungo du. Herriko lekuak musikaz betetzea eta herritarrak musikaren eta “giro onaren” inguruan murgiltzea ahalbidetuko duen jaialdia da Lekuek.
Musika zaletasuna herrian «mantendu eta hazi» nahi delako egiten den jaialdia dela esan du Usoa Uribe antolakuntzako kideak: “Herritik sortzen da eta herrira egokituta dago. Jendeak beste jaialdi batzuetan ikus ezin ditzakeen taldeez gozatzeko aukera ematen du Lekuekek”. Gernika-Lumo bezalako herri batean horrelako jaialdia izatea “izugarrizkoa” da Uriberen ustean, jendea erakartzen eta musika zaletasuna zabaltzen baititu.
Jaialdiaren formatuak bere horretan jarraitzen du aurten. Izan ere, lehenengo asteburua zenbait kontzertugaz hasiko da, astean zehar musikagaz zerikusia duten ekintzak egingo dira, eta bigarren asteburua musika emanaldiekaz bukatuko da. Aurreko urteetan azken asteburu horretan kontzertuek beste ekintzek baino presentzia “handiagoa” izan dutela aitortuz, aurten ere berdin jarraituko duela azaldu du Uribek: “Ekartzen ditugun musika taldeek eta hauen estiloek desberdintzen dute aurtengo jaialdia beste edizioetatik. Formatuari eta tamainari erreparatuta, antzekoa izaten jarraitzen du”.
Musika taldeak
Musika eskaintza zabala egongo da Gernika-Lumoko zenbait lekutan, espazio bakoitzaren izaera eta zaletasun musikalaren araberakoa.
Lekuetara hurbilduko diren talde ezberdinen artean, presentzia izango dute Busturialdeko musikariek. Hemendio talde mitikoa bueltatuko da, eta herrian sortutako Etorkizun Beltza, Lau Katu edo Primeros Auxilios taldeek ere joko dute. “Jaialdia antolatzerako orduan, premisa bat da bertako taldeek lekua izatea. Inguruko musika zaindu behar da, eta tokia gorde behar zaie herriko taldeei”, onartzen du Usoa Uribek. Bertoko taldeen artean “estilo desberdina” nagusi dela gehitu du.
Busturialdeko musika taldeez gain, maila internazionaleko taldeak ere izango dira; ibilbide luze, zein laburrekoak. Aurten, “oso erakargarriak” diren izen handiko taldeak ekarri dituztela jakinarazi du Uribek: “Lan oso gogorra da talde handiak ekartzea, baina lortu dugu eta Niño de Elche edo Nudozurdo bezalako talde ezagunak arituko dira Trinkete anti-txoko eta Lizeo antzokian”. Gainera, maila internazionaleko The Reverend Shawn Amos ekartzea lortuta, kartel “polita” osatu dutela aitortu du antolakuntzako kideak. Proiektu hasi berriei «bultzada» emateko ere balio du Lekuek jaialdiak eta Anita Parker edo Mice bezalako taldeek abestuko dute bertan.
Herriko tokiek ere badute garrantzia jaialdiaren nondik norakoan. Musika herritarrengana hurbiltzea lortzen du Lekuek jaialdiak, ez baita toki bakarrera mugatzen, leku asko batzen ditu. “Jaialdia berezi izatea egiten duena, eta karakterra ematen diona, musika herriko leku askotan zabaltzea da”, azaldu du Uribek.
Astra, Trinkete anti-txokoa, Iparragirre Rock elkartea eta Lizeo antzokia dira Gernika-Lumoko musikaren agertoki nagusiak, baina ez bakarrak. “Tabernak oso garrantzitsuak dira kolaboratzaile moduan. Asko laguntzen dute antolakuntzan eta baita ekitaldi asko batu ere”, dio Uribek. Tabernak “ezinbestekoak” dira festibala osatzeko. Musikaren agertoki nagusiez gain, leku txikiagoek ere tokia baitute Lekuek jaialdian.
Aurten gainera, berritasun modura leku berezi bat, musikari berezi bategaz estreinatuko da. Astrako bukerreko iluntasunean, akustukoan arituko da Ibonrg: “Berak egiten duen musika mota kontuan hartuta, ideia ona zela Astrako bukerra erabiltzea pentsatu genuen”.
Bestelako ekintzak
“Urtero legez, Zineklubek dokumental eta film bana emango ditu musikaren ingurukoak”, dio du Uribek. Zuzeneko musikaz gain, musikagaz lotutako beste hainbat jarduera prestatu dituzte:
Mierda de Bizkaia y sus grupos punks maqueteros 1977-1989 liburuaren hitzaldia astelehenean,
Atrapados por la serpiente dokumentala domekan, edota irrati libreko tailerra Astran.
“Mikel Laboari buruzko rokumentala ere proiektatuko da”, azaldu du Uribek. Rokumentalak jaialdiaren hasieratik antolatu izan dira, eta gauza berriak sortzen dituzten bezala, “egokitzat” dituztenak mantendu egiten dituzte. Argazki erakusketa bat ere antolatuta dute, “modu berezian” landuko dena. Kalea ere herriko lekua denez, eta horri presentzia eman nahian, herritarrak kalez kale girotzeaz arduratuko dantza talde bat.
Antolakuntza
Lekuek jaialdiaren atzean musikarenganako “izugarrizko maitasuna” eta “gogoa” dagoela aitortu du Uribek: “Lan asko duen ekintza bat da jaialdiaren antolakuntza, eta zaletasun eta maitasun hori barik, ezingo zen mantendu, lan karga handia baita”.
Aurtengo sarreren salmentei erreparatuz, bonoen aurre salmentak iazkoaren antzekoak dira. Bakarkako sarreretan, “denetarik” dagoela aitortu du antolakuntzako kideak: “Aurretiko sarrerak saldu dituzten taldeak badaude, hala ere, bonoak iazkoen antzera saltzen dabiltza”.
Musika zaletasuna zabaltzea helburu duen jaialdira, iazko beste jende hurbiltzea espero da, jaialdiak dituen lekuak ezagutzeko eta musikaz gozatzeko prest dagoen publikoa. Badute nun aukeratu, ekintzez betea baitago Gernika-Lumoko astea.
Egitaraua:
Zapatua
–Astra (Metal gaua):
20:00. Dj Odola
21:00. Legen Beltza
22:30. Moonloop
00:15. Etorkizun Beltza
–Revolution (Tendry party):
22:00. Revolution (10€/12€)
domeka
–Juan Kaltzada tabernak:
12:00. Disko azoka
–Trinkete anti-txokoa:
19:30. Atrapado por la serpiente dokumentala eta hizketaldia
Astelehena
–Astra:
19:00. Mierda de Bizkia liburuaren aurkezpena.
–Astrako bunkerran:
20:30. Ibonrg kontzertua
Martitzena
–Astra:
19:00. Irrati tailerra
–Lizeo antzokia:
20:30. Zinekluba Eight days a week the touring years (4€)
Eguaztena
–Iparragirre rock elkartea:
20:30. Rokumentala Mikel Laboa 1934-2008
Martxoak 8, Eguena
–Lizeo antzokia:
20:30. Zinekluba Born to be blue (4€)
–Iparragirre rock elkartea:
21:00. The reverend shawn amos (10€/12€)
Martxoak 9, barikua
–Arima:
19:00. Kontzertua
01:00. DJ Twist!
–Lizeo antzokia:
21:00. Balerdi balerdi eta Hemendio (8€/ 10€)
–Iparragirre rock elkartea:
21:30. Sustrajah band (8€/10€)
23:00. Glaukoma (8€/10€)
–Astra (8€):
21:30. Mice
22:45. Anita Parker
00:30. Nizuritazuneri
–Trinkete anti-txokoa:
23:30. Nudozurdo (10€/12€)
–Revolution:
22:00. Havana 537 revolution (6€/8€ )
Martxoak 10, zapatua
–Tabernetan:
12:00. Swing vermouth poteo
–Arima:
16:30. Gaizka & Ruben
–Lizeo antzokia:
20:00. Niño de Elche (12€)
–Iparragirre rock elkartea (6€/8€):
21:30. Kokein
22:45. Rukula
–Astra (10€ / 12€):
22:00. Septimo A
23:30. Juantxo Skalariak & The Rude Band
–Trinkete antitxokoa:
23:30. El inquilino comunista (10€/12€)
–Irrintzi tabernan:
23:30. Djak
–Revolution:
00:00. Fiesta nomada revolution (10€/ 12€)
–Ospa tabernie:
01:00. Pantx! Dj
–Zeppelin taberna:
22:00. Primeros Auxilios eta Lau Katu.