Kilometroz kilometro, euskara eta ingurua lagun
Eguraldia lagun izanda, 45 lagunek parte hartu zuten zapatuan Berbalagunek antolatutako irteeran: Lea ibilbidea oinarri, Aulestitik Lekeitiorako 16 kilometro egin zituzten, giro onean eta ingurune paregabean.Euskaraz, lagun artean eta inguruan ibiltzek...
Eguraldia lagun izanda, 45 lagunek parte hartu zuten zapatuan Berbalagunek antolatutako irteeran: Lea ibilbidea oinarri, Aulestitik Lekeitiorako 16 kilometro egin zituzten, giro onean eta ingurune paregabean.
Euskaraz, lagun artean eta inguruan ibiltzeko aukera aproposa eskaintzen du Berbalagunek hilero antolatzen dituen irteeren bitartez. Hamaikatxo izaten dira mauka hori aprobetxa- tzen dutenak, eta asteburuan ere hainbeste izan dira 16 kilometroko ibilbidea egiteko hautua egin dutenak.Goizean goiz Gernika-Lumoko autobus geltokian bildu, eta Aulestirantz abiatu ziren berbalagunkideak; horien artean, Foruko barnetegiko zenbait kide zeuden. Lea-Artibaiko herri horretarako bidean, hainbat lagun gehitzen joan ziren han eta hemengo autobus geralekuetan.
«Ibilbidea berez da zoragarria, baina eguraldia ere halakoa izan genuen, eta oso ondo joan zen irteera; paisaiaz ere gozatu genuen», azaldu dute Berbalagunekoek.
Lekeitiora ailegatu bezain pronto, autobusean buelta egin zuten ibiltari batzuek, baina 35 lagunek elkarregaz bazkaldu zuten Isuntza txokoan. Horietako batzuek, gainera, gauera arte jarraitu zuten Lekeition, mendiko botak soinean.
Hurrengo irteera egiteko ordua ere jarrita dauka Berbalagunek honez gero: martxoaren 24an, 09:00etan, Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean. Gernika inguruetatik ibilbide zirkularra egingo dute, eta ez dute, beraz, autobusik hartu beharko. 11 kilometro izango dituzte egiteke, eta honakoa izango da ibilbidea: Gernika-Kanpantxu-Ajangiz-Marmiz-Loiola-Belendiz-Olesko-Gernika.
Aurrekoetan bezala, hurrengo hitzordurako ere izena eman beharko dute irteeran parte hartu nahi dutenek, Gernika-Lumoko AEKn edo udal euskaltegian.