Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaurko zuen ezarrita alerta laranja, elurragatik. Eta iragarri bezala ailegatu da elurra Euskal Herriko bazter guztietara; baita Busturialdera ere. Zuri-zuri esnatu dira bertoko txokoak gaur, eta zenbait arazo ere sortu ditu errepidean. Auto ilara luzeak sortu dira eta gidariak autoan harrapatuta geratu dira. Hala ere, Ertzaintzak jakinarazi du Autzagane eta Sollube zabalik daudela, baina kontuz eta arretaz ibiltzeko eskatu dute. Istripu larririk ez dela gertatu jakinarazi dute.
Elurra Mundakan
Askok eta askok ezin izan dute beraien lantokietara ailegatu, eta ikasle asko ere etxean geratu dira; izan ere, zentro batzuk itxita dituzte, eta beste batzuetan irakasle gutxiago daude, lantokira ailegatzea ezinezko izan baitute. Garraio publiko zerbitzuetan ere eragozpen ugari eragin ditu elurrak. Hala ere, eguerdi partean, egoera normaltasunera bueltatzen hasi da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak gaur goizean errepidera ez irteteko deia egin du, erabat beharrezkoa ez baldin bada. Hala eginez gero, kateak hartu eta erregai depositua beteta izatea aholkatu du.
Goizean goiz Euskalmetek jakinarazi du, bere estazio metereologiko guztietan tenperatura zero azpitik zegoela; hala ere, tenperatura igotzen joan da, eta leku batzuetan zero gainetik dago. Gainera, haizea indartuz doala jakinarazi du metereologia agentziak, eta, horrek aire masak lagunduko duela azaldu du. Hala, giroa epeltzen eta lasaitzen joango dela iragarri du. Egunak aurrera egin ahala, gainera, apurka-apurka elurra euri bihurtuko dela, eta haizeak “indarrez joko” duela azpimarratu du.
Bien bitartean, baina, Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren aginduak jarraitzea eskatu du, eta gogoratu du “derrigorrezkoa” dela ezkerreko erreia libre uztea, “elur makinek eta larrialdietarako ibilgailuek errepidean izaten diren gorabeherei erantzun ahal izateko eta errepideak garbi mantentzeko”.
Bestalde, “ahal izanez gero, autoa ez hartzeko” ere gomendatu du Trafiko Zuzendaritzak. Goizean kamioiek debekatuta eduki dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetara ateratzea, baina dagoeneko -salbuetsitako guneetan izan ezik- irekita daude errepideak horientzako ere.
Bermeoko Udalaren protokolo aktibatzea
Bermeoko Udalak, bere aldetik, adierazi du elurrari aurre egiteko lanean ari dela. Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako eta Udaltzaingoko zinegotziak azaldu duenez, “atzo, alerta laranja zela eta, protokoloa aktibatu eta martxan jarri genuen, Bermeoko hainbat kaletan gaitza jaurtiz, jendea ez labaintzeko”.
Jakitera eman du gaur lehenengo orduan Bermeoko Udala gune arriskutsuenetako zebrabide eta espaloiak garbitzen hasi dela: osasun etxe inguruan, tren eta autobus geltoki inguruak….Garbiketa lanen ostean, gaitza bota dute, eta lan horiek herriko beste guneetan ere egin dituzte goizean zehar.
Halaber, Herri Babesaren kamioagaz, herriko zeharbideak eta aldapa gehien dituzten bideak zein auzoetako bideak garbitu dituzte.
Hemen argazki galeria ikusgai!