Europako Errugbi Txapelketaren finaleko sarrerak zozkatuko dituzte
Bihartik apirilaren 13ra izena eman ahal izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren zozketan. Finala San Mamesen jokatuko dute, maiatzaren 11n eta 12anBizkaiko Foru Aldundiak San Mamesen jokatuko den Europako Errugbi Txapelketaren finalerako sarrerak zozkatuk...
Bihartik apirilaren 13ra izena eman ahal izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren zozketan. Finala San Mamesen jokatuko dute, maiatzaren 11n eta 12an
Bizkaiko Foru Aldundiak San Mamesen jokatuko den Europako Errugbi Txapelketaren finalerako sarrerak zozkatuko ditu.Finala ikustera joan gura dutenek www.bizkaia.eus webgunean izena eman beharko dute, bihar, 09:00etatik aurrera. Apirilaren 13a da zozketan parte hartzeko izena emateko azkenengo eguna. 14:00ak arte egin ahal izango da.
Aldundiak 50 sarrera bikoitz zozkatuko ditu: 25 Challenge Cupen finalerako izango dira, eta beste 25ak, berriz, Champions Cupen finalerako.
Maiatzaren 11n izango da Challenge Cupen finala, eta, biharamunean, Champions Cupekoa. Aurten Bizkaiak hartuko dituen nazioarteko ekitaldietako lehenengoa dela zehaztu dute.
Izena eman nahi dutenek Bizkaian bizi eta posta elektronikoko helbidea izan behar dute. Parte-hartzaile bakoitzari zenbaki bakar bat emango diote. Zenbakiak programa informatiko batean sartu, eta programak ausazko hurrenkera baten bidez zerrenda berri bat sortuko du sarrerak esleitzeko.
Lehenengo 25 zenbakiei sarrera bikoitz bat egokituko zaie Champions Cupen finalera joateko maiatzaren 12an; hurrengo 25ei, berriz, Challenge Cupen finalera joateko maiatzaren 11n.
Ordezkoen zerrenda
Zozketa apirilaren bigarren hamabostaldian egingo dutela iragarri dute; eguna oraindik zehaztu barik dago.
Sarreren behin-behineko esleipena hurrenkera korrelatiboan egingo dute, eta www.bizkaia.eus webean argitaratuko da. Izena ematerakoan jarritako helbide elektronikora jakinaraziko dute, eta datuak telefonoz egiaztatuko dituzte.
Saririk lortu ez duten zenbakiek ordezkoen zerrenda osatuko dute, zozketan ezarritako hurrenkeraren arabera. Aldundiaren web orrian kontsultatu ahal izango da.
Sarrerak jasotzeko eguna posta elektronikoz jakinaraziko dute, eta, datuak egiaztatzeko, aldundiaren egoitzara (Kale Nagusia, 25, Bilbo) joan beharko dutela aurreratu dute, zozketan irabazle atera den pertsonaren jatorrizko NAgaz edo AIZgaz.