Aldundiak San Mamesen jokatuko den Europako Errugby Txapelketaren sarrerak zozkatuko ditu
Finala ikustera joan gura dutenek www.bizkaia.eus webgunean izena eman behar dute, bihar 09:00etatik aurrera.
Apirilaren 13a [barikua] da zozketan parte hartzeko izena emateko azken eguna. Egun horretan 14:00ak arte izena eman ahalko da. Bizkaiko Foru Aldundiak 50 sarrera bikoitz zozkatuko ditu: 25 Challenge Cup-en finalerako izango dira, eta beste 25ak, berriz, Champions Cup-en finalerako
Maiatzaren 11an [barikua] izango da Challenge Cup-en finala, eta biharamunean Champions Cup-ekoa. Aurten Bizkaiak hartuko dituen nazioarteko ekitaldietako lehenengoa dela zehaztu dute.
Izena eman nahi dutenek Bizkaian bizi, eta posta elektronikoko helbidea izan behar dute. Parte-hartzaile bakoitzari zenbaki bakar bat emango diote. Zenbakiak programa informatiko batean sartu, eta programak ausazko hurrenkera baten bidez zerrenda berri bat sortuko du sarrerak esleitzeko. Lehenengo 25 zenbakiei sarrera bikoitz bat egokituko zaie Champions Cup-en finalera joateko (maiatzaren 12an); hurrengo 25ei, berriz, Challenge Cup-en finalera joateko (maiatzaren 11n).
Zozketa apirilaren bigarren hamabostaldian egingo dute; eguna oraindik zehaztu barik dago. Sarreren behin-behineko esleitzea hurrenkera korrelatiboan egingo da, www.bizkaia.eus webean argitaratuko da, izena ematerakoan jarritako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da, eta datuak telefonoz egiaztatuko dira. Saririk lortu ez duten zenbakiek ordezkoen zerrenda osatuko dute, zozketan ezarritako hurrenkeraren arabera. Aldundiaren web-orrian kontsultatu ahal izango da ordezkoen zerrenda.