Bermeoko Areneko Kiroldegian lehiatu zuten oinarrizko mailako Bizkaiko Txapelketa, zapatu arratsaldean. Talde bermeotarrarentzat aurtengo lehenengo txapelketa izan da.
Zaira Gonzalez podiumean.
Argazkia: Xixili Club.
Kadeteetan eta gazteetan lehen postua eskuratzeaz gain, banakakoan, kadeteetan
brontzezko domina jantzi zuen
Zaira Gonzalezek.
Taldekako lehiari dagokionez, kadete mailan Xixiliko taldea soilik aurkeztu zen. Gazte mailan, bi talde egon ziren, eta Bilboko Dana taldea izan zen bigarrena.
Bakarkakoan, ostera, umeen, kadeteen eta gazteen oinarrizko mailetako gimnastak aritu ziren ariketak egiten. Aipatu moduan, Gonzalez hirugarren sailkatu zen kadeteetan, eta haren taldekide Estibaliz Basterretxea laugarren geratu zen. Getxoko taldeko Irati Ortuzar geratu zen Bizkaiko Txapeldun, eta Sakoneta taldeko Miren Garcia txapeldunorde.
Umeetan
Xixiliko Laida Sanchezek parte hartu zuen, baina ez zuen lortu lehenengo hiruren artean sailkatzea. Hain zuzen, Leioako Sakoneta taldeko hiru partaidek osatu zuten podiuma; Henar Carrionek irabazi zuen urrezko domina, Ashly Fernandezek zilarrezkoa, eta Naroa Ribeirok brontzezkoa.
Gazteetan
Garazi Asla aritu zen lehian. Min hartuta egon ondoren, orain dela bi aste hasi zen entrenatzen, eta lesioa guztiz gainditzea eta bere mailara bueltatzea da bere helburua.
Domekan, Gernikan. Bestalde, domekan amateurren 1. fasea jokatu zuten Gernika-Lumoko Santanape Kiroldegian. Taldeka zein bakarka hainbat kategoriatan aritu ziren Xixiliko gimnastak.
Goizean, esaterako,
Oihane Egañak seigarren postua lortu zuen pelotagaz, senior B kategorian. Arratsaldean, Senior plus mailan bigarren sailkatu zen
Idoia Hormetxea. Halaber, arratsaldeko taldekako proban, gazte A mailan bigarren sailkatu zen Xixili; Sakoneta izan zen lehenengoa, eta Ekilore hirugarrena. Kadete A kategorian, berriz, Sakoneta eta Itsaslur taldeen atzetik, hirugarren geratu zen talde bermeotarra.
Hurrengo txapelketak. Xixili Clubeko neskak
Euskadiko Txapelketa prestatzeko gogor entrenatzen ari dira. Martxoaren 10ean [zapatua] lehiatuko dute Leioan, eta bertan Espainiako Txapelketara sailkatzeko helburuagaz parte hartuko dute. Hain zuzen, apirilaren hirugarren astean Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia) jokatuko dute
Espainiako Txapelketa.
Bestalde,
Macarena Milla Torneoa lehiatuko dute Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, martxoaren 11an [domeka]. Espainiako Txapelketan parte hartzen duten gimnasten erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da. Euskal Herriko taldeekin batera, besteren artean, Errioxatik, Kantabriatik eta Asturisetik etorritako taldeek lehiatuko dute torneoa.