Segurtasun sailak alerta laranja ezarri du biharko, elurragatik
Elurra dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du biharko. Hain justu, gaur gauerdia hasi eta bihar 15:00etara egongo da aktibatuta aipatu alerta.
Segurtasun sailak azaldu duenez, atzo eta gaur sartutako Siberiako aire-masa hotzaren eta Espainiako penintsula hegoaldetik iritsitako aire-masa beroaren arteko elkarreraginaren ondorioa izango da elur aldia.
Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak iragarrita zituen egunotarako tenperatura baxuak, eta hala iritsi dira; batez ere, gaur goizaldean. Tenperatura maximoak 1 eta 5 artekoak izan dira. Aire-masa hotzak eta hodei ezak gaurko egunaren erdian eta gauean izotza egitea eragingo du.
Elur-maila ere itsas-mailara arte jaitsi zitekeela iragarri zuen metereologia agentziak, eta bihar eguerdira arte hala gerta zitekeela azpimarratu zuen.
Dena den, bihar arratsaldeko lehen orduetatik aurrera “egoera aldatzen” hasiko dela aipatu du Euskalmetek, eta elur-mailak ere “azkar” egingo duela gora, 1.000 metro ingurutan kokatuz. Eguna amaitzerako, berriz, 1.500 metro inguruan kokatuko da.
Aurretiaz egindako jakinarazpenak jakinarazpen, metereologia agentziak iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen du Euskalmeten webgunearen (www.euskalmet.euskadi.eus) zein Twitter-en bitartez (@Euskalmet).
Halaber, herritarrei prebentzio neurriak har ditzaten eskatu, eta aholku eta gomendioak eman dizkie segurtasun sailak: esaterako, “ahal izanez gero, garraio publikoa erabiltzeko eta mendiko txangoak bertan behera uzteko”.