Eguraldia lagun izanda, 45 lagunek parte hartu zuten zapatuan Berbalagunek antolatutako irteeragaz: Lea ibilbidea oinarri, Aulestitik Lekeitiorako 16 kilometro egin zituzten, giro onean eta ingurune paregabean
Euskaraz, lagun artean eta inguruan ibiltzeko aukera aproposa eskaintzen du Berbalagunek hilero antolatzen dituen irteeren bitartez. Hamaikatxo izaten dira mauka hori aprobetxatzen dutenak, eta asteburuan ere hainbeste izan dira
16 kilometroko ibilbidea egitearen hautua hartu dutenak.
Argazkia: Berbalagun
Goizean goiz Gernika-Lumoko autobus geltokian bildu, eta Aulestirantz abiatu ziren berbalagunkideak; horien artean, Foruko barnetegiko zenbait kide ere. Lea-Artibaiko herri horretarako bidean, hainbat lagun gehitzen joan ziren han eta hemengo autobus geralekuetan.
“Ibilbidea berez da zoragarria, baina eguraldia ere halakoa izan genuen eta oso ondo joan zen irteera; paisaiaz ere gozatu genuen”, azaldu dute Berbalagunekoek.
Lekeitiora ailegatu bezain pronto, autobusean buelta egin zuten ibiltari batzuek, baina
35 lagunek elkarregaz bazkaldu zuten Isuntza txokoan. Horietako
batzuk, gainera,
gauera arte jarraitu zuten Lekeition, mendiko botak soinean.
Hurrengo irteera egiteko ordua ere jarria dauka Berbalagunek:
martxoaren 24an, 09:00etan, Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean.
Gernika inguruetatik ibilbide zirkularra egingo dute, eta ez dute, beraz, autobusik hartu beharko. 11 kilometro izango dituzte egiteke eta honakoa izango da ibilbidea: Gernika-Kanpantxu-Ajangiz-Marmiz-Loiola-Belendiz-Olesko-Gernika.
Aurrekoetan bezala,
hurrengo hitzordurako ere izena eman beharko dute irteeran parte hartu nahi dutenek Gernika-Lumoko AEKn edo udal euskaltegian.