Zainduz programak lau hitzaldi eta bi tailer antolatu ditu
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak bultzatzen duen programa da Zainduz eta, etxeko pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburua du programak. Izan ere, mendekotasunen bat duen familiarteko zaintzaileei arreta eta laguntza ematea du xede.
Zainduz programaren barruan ekitaldi berriak antolatu dituzte gaurtik hasi eta martxoak 20a bitarte, lau hitzaldi eta bi tailer prestatuz. Norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetu eta zaintza lanak errazteko teknikak azaltzen dituzten aurrera eramango diren ziklo berriko saioetan.
Zainduz programa orientazio aholkuak eta laguntza emateko baliabidea izateaz gain, informazioa, aholkualaritza eta laguntza psikologikoa ematen dituen ekimena ere bada.
Lau hitzaldi. Ziklo berria aurkeztu du oraingoan Zainduz programak eta lau izango dira emango dituzten hitzaldiak; laurak Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Gaur 18:00etan emango dute lehena Elai Alai aretoan, eta dementziak eragindako portaera aldaketen aurrean nola erantzun behar den landuko dute bertan. Hurrengoa datorren astelehenean, martxoaren 5ean, izango da. Zaintzarako oinarrizko teknikak eta mobilizazioak izenburupean eskainiko dute berbaldia 18:30ean Elai Alai aretoan.
Hurrengo bi hitzaldiak martxoaren 13an eta 20an izango dira 18:00etan Gernika-Lumoko Kultur Etxeko Maria Agirre aretoan. Mendekotasuna duen familiartekoen zaintza: Nire ingurunea, non topatu dzaket sostengua eta laguntza? deituriko hitzaldia emango dute martxoaren 13ko saioan eta azkenengoan sentimendu eta emozioak landuko dituzte.
Hitzaldietan alde teorikoa landuko den arren, barneratutakoa praktikan nola jarri behar den ikasteko aukera ere eskaintzen du Zainduz programak tailerren bidez. Martxoaren 1ean 18:00etan izango da lehen saioa eta portaera zailen aurrean nola erantzun behar den irakatsiko dute bertan. Bigarrena berriz, hurrengo eguaztenan, martxoak 7an izango da eta mendekotasuna duten pertsonen mobilizazioari buruzkoa da. Tailerrek lotura zuzena dute hitzaldiekin baina, herritarrek libre dute zein hitzaldi eta tailerretara joan erabakitzea.
Hitzaldietan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, eta horretarako, mank.ssbusturialdea@bizkaia.org helbidera mezua bidali edo 94-625 51 52 telefonoa deitu behar dute interesatuek.