Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa asteburuan bukatu da, eta Muruetako sokatiralariek amaitu dituzte aurtengo lanak. Hain zuzen, ez dira Txinan lehiatuko duten Munduko Txapelketan izango.
Zapatuan emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko saio bakarra lehiatu zuten Laukizen.
Mutilen kategoriari dagokionez, Laukizeko
Gaztedi taldeak jantzi zuen txapela. Beti-Gazte talde nafarra sailkatu zen atzetik, eta Busturialdeko sokatiralariak gehiengoa diren Sokarri talde arrigorriagarra izan zen hirugarrena. Murueta, berriz, seigarren postuan geratu zen.
Emakumezkoen
500 kilokoan Badaiotz talde arabarra nagusitu zen. Gaztedi eta Ibarra bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Muruetako taldeko ordezkariek azaldu dutenez, orokorrean denboraldi txarra izan da, eta ez dituzte sentsazio onak eduki: “Ezin izan dugu nahi genuen maila eman; aurreko urteetan moduko maila erakutsi. Ea datorren urtean zerotik hasi, eta hobeto aritzen garen”.
Denboraldia ez zuen ondo hasi taldeak, eta esaterako 680 kilotan hobeto moldatzea espero bazuten ere, ez zen horrela izan. Gero, 640 kiloko lehen saioan gerrikoekin arazo batzuk izan zituzten, eta epaileak ez zien utzi lehen saio hori lehiatzen: “Horrek bigarren saioan eragina izan zuen, eta finalerako aukera barik geratu ginen”.
Gainera, denboraldi amaierarako
hainbat lesio izan dituzte, eta azken unean beste sokatiralari batzuk sartu behar izan dituzte min hartuta zeudenen lekuak betetzeko. Talde sendo bat osatzea falta izan zaiela uste dute, eta ilusioa eta gogoa apurka-apurka galtzen joan direla.
Muruetakoek
Foruko Udalak eman dien laguntza eskertu dute. Izan ere, Muruetako frontoian entrenatzen duten partea ez dago estalita, eta aurtengo negua oso euritsua izan denez, ezin izan dute bertan ganoraz entrenatu. Horregatik, astean birritan Foruko Udalak utzitako lekuan entrenatzen egon dira.
SAILKAPENAK:
- Gaztedi
- Beti-Gazte
- Sokarri
- Ibarra
- Berriozar
- Murueta
- Txantrea
- Badaiotz
- Gaztedi
- Ibarra
- Berriozar
- Txantrea
- Betigazte