Gernika-Lumoko taldeak
denboraldi honetan puntu gutxien lortu dituen partidua izan zen atzo arratsaldekoa. Maloste leporaino bete zen; giro itzela sortu zuten etxeko eta Gasteizko zaleek, eta emozioz betetako lehiaz gozatu zuten.
Hasierako minutuetan, barruko jokoan etxekoen nagusitasuna nabari zen. Baloi jabetzetan Caldwellentzat eta Donguerentzat baloiak lortzea zen helburua. Araskiko jokalariek, ostera, hiruko saskiratzeen aldeko apustua egin zuten.
Erritmo biziz hasi zen neurketa, eta intentsitate horri eusteko txandatzeak egin zituzten entrenatzaileek. Naiara Diez kapitainaren hirukoaren ostean, 19-12 amaitu zuten lehen laurdena.
Alston baloiagaz, eta parean Izaskun Garcia Lointekeko jokalari ohia.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Bigarren laurdenaren hasieran Lointekek markagailuko aldea handitzea lortu zuen (21-12). Defentsa txandakatuta, ondo funtzionatu zuen etxeko taldeak, eta gasteiztarrek ere defentsa sendotu zuen.
Jokaldietan asmatu zuen Lointekek, eta 11 puntu errenta izatera ailegatu zen (27-13 partiduko 13. minutuan). Gauzak horrela hutsartea eskatu zuen Araskik, baina ez zuen eragin handirik izan, hutsartearen ondoren 4-4ko partziala egin baitzuten.
31-20ko markagailuagaz heldu ziren
atsedenaldira, baina ez zegoen ezer erabakita. Lehen zatiaren amaieran moduan, bigarrenaren hasieran ere puntuak lortzeko zailatasunez, eta asmatu ezinik ikusi zen etxeko taldea. 23. minutuan, Dialloren eta Silvaren hirukoen ostean, Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak sosegu apur bat eskatu zien bere jokalariei. 34-26ko markagailutik 36-32kora pasatu ziren hiru minututan, eta arriskua ikusita, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Ondoren, etxekoen defentsa hobetu zen, baina talde arabarrak kanpoaldetik saskiratzen jarraitu zuen. 28. minutuan puntu bakarreko aldeagaz zeuden (38-37); egoera kezkagarria zen.
Azken laurdenari 40-37ko markagailuagaz ekin zioten. Ez ohiko markagailua zen; normalean bi taldeak puntu gehiagogaz heltzen dira laugarren laurdenera. Eraginkortasun falta zen arrazoi nagusia. Araskiko Agirreren hirukoagaz 42na berdindu zuten, eta jarraian Aldalurrek beste hiruko bat egin, eta markagailuan aurretik jarri zen talde gasteiztarra. Hala ere, markagailuari buelta ematea lortu zuen etxeko taldeak: 53-49. Baina, azken hiru minutuetan ez zuen punturik bildu. Araskik, ostera, garaipena gura zuen, eta horretan ahalegindu zen. Aldalurrek ia zortzi metrotik lortutako hirukoa izan zen azken txanpako saskiratze ikusgarriena. Donostiarrak 11 puntu lortu zituen azken laurdenean.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hurrengoa ere etxean. Azken bi partiduak galduta, asteburu honetan ere Malosten jokatuko du talde gernikarrak. Domekan
Perfumerias Avenida liderra hartuko du 13:00etatik aurrera.
21. jardunaldi lehiatuta (26 jardunaldi dira), gaur gaurkoz 41 puntu ditu Avenidak. Bi puntura dauka Girona. Lointek Gernika Bizkaiak
bosgarren postuari eusten dio, 32 puntugaz.