Sumendiei buruzko tailerra egingo dute domekan, Santimamiñen
Kortezubiko Santimamiñe koban, geologia tailerra egingo dute etzi, Azken domeka programaren barruan.
Hain zuzen, Santimamiñeko koba eta inguruko paisaia geologikoa aztertuko dute lehenengo, eta horren ostean, haitzuloen sorkuntza ulertzeko giltzarriak landuko dituzte. Bukatzeko, sumendiak nola sortzen diren ezagutzeko aukera izango dute. Eta inguruan sumendirik ez dagoenez, bertaratutakoen artean sortuko dute bat.
Sumendi artean tailerra euskaraz emango dute, eta bi txandetan gauzatuko dute: 12:00etan eta 13:00etan. Domekako deialdia 7 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da.
Doakoa izango da tailerra, baina parte hartzeko izena eman beharko da 944-65 16 57 edo 944-65 16 60 telefonoetara deituta zein santimamine@bizkaia.eus helbidera idatzita.
Hilero egiten dute Azken domeka programari lotutako ekintza bat. Urtarrilean, esaterako, Artea haitzuloetan sormen tailerra egin zuten. Santimamiñen bizi ziren biztanleen modura, haitzuloan egindako margoen egokitzapen libreak landu zituzten, eta, horretarako, ikatza eta pigmentuak eskuz ezarri zituzten, bere garaian margotutako irudien antzera.