Onintza Enbeitaren parte hartzea duen 'Txarriboda' lana antzeztuko dute gaur Lizeon
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak euskarazko antzezlan bat hartuko du gaur: Txarriboda. Mireia eta Imanolen ezkon-festa oinarri duen antzezlan horretan, Onintza Enbeita muxikarrak bere aletxoa jarri du, kantuen letrak eginez.
Kabaret estiloa daukan antzezlan bat da Txarriboda, eta ezteietako bazkari batean gertatzen dena azaltzen du. Egoera esanguratsuak gertatzen dira bertan, eta horien “kontakizun basati bat” eskaintzen dute, umorea uztartzen duten bitartean. Orain arte eskaini dituzten saioetan, behintzat, jendea “barrez lehertu” dela ziurtatu du Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak; “Saioa amaitutakoan bertaratutakoak tente jarri eta txaloka hasi izan dira”.
Ordu eta erdiko antzezlana dela jakitera eman du aktoreak, “baina arin pasatzen da denbora“. Izan ere, estimulu asko eta pertsonaia asko (aktore bakoitzak 3-4 pertsonaiaren papera betetzen du) dituen lana da gaur antzeztuko dutena.
Musika zuzenean. Gainera, musika zuzenean entzuteko aukera ere eskaintzen du. Euskal Herriko kantutegitik hartu dituzte kantu batzuk, eta horietako batzuen letra aldatu, eta antzezlanera egokitu dituzte.
Txarriboda “gauza berria” dela dio Ondarroakoak: “Pertsonaiak guk geuk sortu ditugu gure inprobisaziotik, eta hori oso gauza pertsonala eta polita da. Pozik gaude emaitzagaz”.
Enbeitarentzat, bestalde, lehen aldia da antzezlan baten kantuen letrak jartzen dituena. Gainera, aktore profesionalekin egindako lan batean inoiz ez duela parte hartu aitortu du. “Beti ibili naiz gauza amateurretan, Muxikako emakumeekin eta”.
Lehenengo aukera izan du, eta “esperientzia polita” izan dela dio, lana eta denbora eskatzen duen arren, “gustura egiteko moduko lana“, hain zuzen ere. “Batetik, obra zer den ulertu behar da, pertsonai bakoitza ondo bistaratu behar da, eta horietako bakoitzari ondoren, kanta horretan hitzak jarri behar zaizkio”.
Antzerkia gustuko du muxikarrak, horren bitartez “gauza asko landu daitezkeelako”. Jende askorengana eta sentimendu askotara heldu daiteke antzerkiagaz Enbeitaren ustez. Gustukoa izateaz gain, interesatzen zaion mundu bat da. Halere, maneiatu dezakeen antzerki mundua “oso oinarrizkoa” dela aitortu du.
Berak egiteko moduko zerbait dela ikusiz gero, baina, “gustura” egingo luke; aukerei zabalik egoten baita beti. Bertsolari eta kazetariak ez du uste inoiz antzerki profesionalik zuzenduko duenik, ez du-eta bere burua horretarako gai ikusten. “Baina beste maila batean, gidoiak eta letrak egiten… Uste dut baietz esango nukeela, betiere, nik zerbait jartzeko modukoa dela pentsatuko banu”.
Txarriboda 20:30ean hasiko da, eta 12 euroko sarrera ordaindu beharko dute (bazkideek 9 euro) antzezlanagaz gozatu nahi dutenek.