Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena aurkeztu dute Gernikan
Oraingoz, herriko hamalau eragilek parte hartzen dute Euskaraldia Batzordean. Norbanako zein erakundeek irailera arteko epea daukate ekimenean izena emateko11 egun euskaraz euskaraldiko ekimena aurkeztu zuten martitzenean Gernika-Lumon, eta Batzordea o...
Oraingoz, herriko hamalau eragilek parte hartzen dute Euskaraldia Batzordean. Norbanako zein erakundeek irailera arteko epea daukate ekimenean izena emateko
11 egun euskaraz euskaraldiko ekimena aurkeztu zuten martitzenean Gernika-Lumon, eta Batzordea osatzen duten eragileak bertaratu ziren, bai erakunde zein norbanakoak. Euskaraldia Batzordeko Ainara Artetxe Seber Altubeko ordezkariak eta Ager Zallo Maierreko euskara arduradunak bideratu zuten aurkezpen ekitaldia.Egitasmoaren helburu nagusia herritar euskalzaleak aktibatzea eta horrela hizkuntza ohiturak aldatzea zela jakinarazi zuten arduradunek. Bereziki, euskararen erabilera «sustatzea, indartzea eta areagotzea» bilatzen du 11 egun euskaraz ekitaldiak.
Iaz abian jarri zen ekimena ez da izaera lokala duen proiektua, izaera nazionala dauka, Euskal Herri osoan aurrera eramaten den egitasmoa baita. Aurten, iaz baino herri gehiagotan burutuko den ekimena dela honakoa jakinarazi zuten antolatzaileek: «Gero eta handiagoa den ekimena da, txoko gehiagotan burutzen dena, eta horrela jarraitzea espero dugu».
Egitasmoa aurrera eramateko «parte hartzea» ezinbestekoa dela aitortu zuten arduradunek. Hori horrela, parte hartzaileek bi egiteko izango dituzte: Ahobizi eta Belarriprest. Lehendabizikoek euskaraz hitz egin beharko dute euskara ulertzen duten pertsona guztiekin. Bestalde, ezagutzen ez dutenei ere, lehendabiziko hitza euskaraz zuzendu beharko diela adierazi zuten arduradunek. Belarriprest egitekoa dutenak euskara entzutera ohituko dira. Hitz egiteko erraztasunik izan ez arren euskara entzuteko «prestutasuna» izan beharko dutela jakinarazi zuten.
Euskara maila
Gernika-Lumoko hizkuntza ezagutzari buruzko azken neurketen arabera, herritarren %67,6 euskalduna da. Euskaraz hitz egiteko arazoak dituztenak, baina entzuteko eta ulertzeko gai diren herritarrek %16 osatzen dute, eta azkenik, %16,4 erdaldunak dira herrian, euskaraz ez dakitenak, alegia.
Kalerik kaleko erabilera aztertuz gero, euskara kalean herritarren %49,4ak praktikatzen du. Gaztelaniaz, aldiz, herritarren %47,3ak hitz egiten du, eta %3,3 dira beste hizkuntza batzuetan komunikatzen diren herritarrak.
Datuak aztertuta, egitasmoa burutzea «bidezkoa» eta «beharrezkoa» dela ikusten dute antolatzaileek, eta ekimenari begira, erronka handia planteatu dute: 1.600 ahobizi eta 500 belarriprest lortzea. «Denon artean lortuko dugulakoan gaude», aitortu zuten Batzordeko arduradunek.
Euskaraldia Batzordean Gernika-Lumoko hamalau eragilek parte hartzen dute oraingoz, baina izena emateko epea irailera artekoa dela adierazi dute arduradunek.