Jendetza batu da transfobiaren aurkako Ondarroako mobilizazioan
Chrysallis elkarteak esan du, euren seme-alabekiko daukaten maitasunarengatik borrokan jarraituko dutela. Ondarroako Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuenJende asko batu zen zapatu arratsaldean Ondarroako Musika Plazan transfobiaren aurka Chrysallis EH...
Chrysallis elkarteak esan du, euren seme-alabekiko daukaten maitasunarengatik borrokan jarraituko dutela. Ondarroako Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen
Jende asko batu zen zapatu arratsaldean Ondarroako Musika Plazan transfobiaren aurka Chrysallis EHk deitutako eta Ondarroako Udalak babestutako elkarretaratzera.Senideek Gero arte Ekai zioen pertsona transexualen aldeko bandera eduki zuten eskuan, eta elkarteko kideek, ostera, Ekai maite zaitugu zioen pankarta. Atsekabea, elkartasuna eta isiltasuna nagusitu ziren ekitaldian.
Iragan astean Ekai gaztearen ezbeharraren harira deitu zuten elkarretaratzea. Elkarretaratzean aldarrikatu zuten gazte transexualek sarritan leku batzuetan jasaten dituzten egoerak normalizatzea jendarte guztiaren eginbeharra dela, eta egunerokotasunak garrantzi handia daukala. Gero alferrik dela damutzea. Chrysallis Euskal Herriak zabaldu zuen adierazpenean ondorioztatu zuen, Ekaik egunero parean zituen borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela. Komunikabideetara igorritako oharrean gazteak jasandako zenbait eragozpen azaldu zituen, eta, besteren artean, horiei lehenbailehen konponbidea aurkitzea oso garrantzitsua dela adierazi zuen: erregistroan izen-aldaketa lortzea, Gurutzetako ospitaleko Genero unitatean inoiz iritsi ez, baina premiazkoak diren hormona-tratamenduak arintzea eta institutuan bere errealitatea azaldu eta errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borrokak jarri ditu «eguneroko borroka gehiegi» horien adibidetzat. Horrez gain, elkarteak azpimarratu du, pertsonen beharrizanek, adinak eta bizitzek ez dutela aurrera egiteko inoren baimenen beharrik. Gehitu zuten, lanean jarraituko dutela, eta ez tristurak edo amorruak bultzatuta, baizik eta maitasunak bultzatuta. «Gure seme-alabekiko sentitzen dugun maitasuna».
Ondarroako Udalak elkartasuna erakutsi die senideei: «Ekairen senide eta lagunei elkartasuna adierazi nahi diegu, eta denon artean transfobiarik gabeko herri bat eraikitzera gonbidatzen ditugu herritarrak». Herriko beste hainbat talde eta eragilek ere bat egin dute udalaren aldarrikapenagaz. Ondarroako Udalak, bestalde, hiru eguneko dolua ezartzea erabaki zuen barikuan. Udalak argitaratutako adierazpenean «transfobiaren kontrako jarrera irmoa» azpimarratu nahi izan zuten, eta baieztatu zuten udalak lanean jarraituko duela pertsona guztiek eskubide guztiekin eta diskrimina- ziorik gabe biziko diren herri bat eraikitzeko lanean. «Ondarroako Udalak, orain arte bezala, bere baliabide guztiak jarriko ditu herritar eredu guztien parekidetasuna lantzeko».
Ondarroakoa ez da izan asteburuan Ekairen familiarekiko eta lagunekiko eta transfobiaren aurka egin den elkarretaratze bakarra. Besteak beste, euskal hiriburuetan edota Madrilen eta Oviedon (Espainia) egin dituzte.
Gaztearen aitak sare sozialetan zabaldutako mezuan esan du, bere semeak egindakoagaz ez dagoela ados, baina errespetatzen duela. Badakiela semea joatea ez dela alferrikoa izango; ondoren datozenei bidea errazteko balioko diela. Erakundeei ere eskari garbia egin zieten: kasu hau azkena izateko egin beharreko guztiak egitea.