Bermeoko Txosna Batzordeak mozorroz bete gura zuen herria, eta lortu du. Itsasoa eta baserria bateratu ditu, gainera. Mota guztietako mozorroak ikus daitezke gaur Bermeon.
Olatuek ekarrikuek, Portuko Olatua eskulturan zeukaten hitzordua, 12:00etan. Handik, Gatazka Batukada taldekoen danbor hotsekin batera kalejiran abiatu dira. Portutik eta Lameratik ibili dira.
Ordu berean, baina, merkatu plazan batu dira, berriz, aldianak eta aldianuek. Bertan batutakoek, Txato trikitilarigaz egin dute kalejira. Alde Zaharra girotzea lortu dute baserritarrek.
Batzuek zein besteek giro izugarria zeukaten. Zenbait unetako euriak, gainera, ez du ondo pasatzeko giroa zapuztu.
Lameran, San Migeleko eskaileren parean egin dute topo bi kalejiretakoek, eta elkarrekin Bermeoko portuan abestu ostean, Taraskarako bidea hartu dute.
Taraskara iritsita, apustuak egiten hasi dira. San Frantzisko elizaren kanpandorrean jarri zuten Akakaren mokoa lurretik zenbat metrora zegoen asmatu behar zuten parte hartzaileek. 21 metro eta 77 zentimetrora zegoen, eta hurbilen Mikel Vazquez bermeotarra ibili da, 21 metro eta 71 zentimetrora zegoela esan du. Vazquezek, irabazlearen txapela jarri du bazkaltzera joan aurretik.
Apustuaren irabazlearen izena jakitera eman aurretik, kuadriletan banatuta, joko ezberdinetan parte hartu dute Taraskan bertan. Euriagatik aterpean hasi behar izan dute, baina gero, kanpoan amaitu ahal izan dituzte.
Bazkaritan, bestalde, Artza frontoian batu dira, eta aldiana, aldiano eta olatuek ekarriko kuadrilekin bete dute frontoia. Lehenengo egunean saldu zituzten bertso bazkarirako txartel guztiak. Onintza Enbeita aldianie eta Jon Maia itsasaparra girotzen ari dira bazkaria.
Gaua heldu arte, dantzan aritzeko aukera izango dute frontoian bertan.
Gauean, berriz, 80ko hamarkadako mozorroekin bateratuko dira aldiana, aldiano eta olatuek ekarrikuek. Aurten ere ez da faltako Spookypheria Productions Kultur Taldeak antolatutako 80’s Party jaialdia, Bermeoko Kafe Antzokian. 21:30etik aurrera izango da hori. Band Jovi taldea igoko da lehenengo, antzokiko agertokira, eta, ostean DC Datarekin gorputzak astintzen jarraituko dute goizaldera arte.
Argazki galeria hemen ikusgai!
Bideoa: Hemen!
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.