Puntuz puntu Busturialdean
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa ospatuko da gaurtik aurrera eskualdean. Parte hartuko duten 18 bertsolariek kantuz beteko dituzte herri txikietako txokoak.Puntuz puntu ideiak lotzen azkarrak dira bertsolariak. Edozein gai egokituta ere, ideiak arin...
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa ospatuko da gaurtik aurrera eskualdean. Parte hartuko duten 18 bertsolariek kantuz beteko dituzte herri txikietako txokoak.
Puntuz puntu ideiak lotzen azkarrak dira bertsolariak. Edozein gai egokituta ere, ideiak arin bururatzen zaizkie, eta erraz batzen dituzte hitzak beraien artean.Trebetasun maila hori modu askotan erakus dezakete bertsolariek, bai afal osteko uneetan, plazetan, zein maila ezberdinetako txapelketetan.
Asteburu honetatik hasita, eskualdeko herri txikietan Busturialdeko Bertsolari Txapelketa nagusia jokatuko da. Eskualdeak bertsoz girotzea eta bertsogintzaren oinarriak sendotzea helburu duen ekimenaren parte da txapelketa hori. Bizkaia zortzi puntutan deitutako proiektua 2015. urtean jarri zuten martxan; horren baitan, eskualde bakoitzak bere bertso txapelketa antolatzen du.
Ander Elortegi txapelketaren antolatzaileak azaldu du, eskualdean «bertsozaletasun handia» dagoelako eta Bertso Eskolak «indar handia» duela ikusita antolatzen dutela txapelketa. «Ondo pasatzea da helburua. Udaberrian Bizkaiko Txapelketa datorrela ikusita, txapelketa hau prestaketa modura har daitekeen arren, helburuak gure arteko harremanak sendotzea eta ondo pasatzea dira», aitortu du Elortegik. Helburu horiek jarraitzeko prest daude bertsolariak, eta, aurten, hamazortzi bertsolarik parte hartuko dute.
Eskualdearen menpe dago txapelketaren antolakuntza, eta sei bertsolariz osatutako hiru saio egitea erabaki dute aurten antolatzaileek, aurreko aldian «ondo» atera zelako. Finala Astran egingo da, martxoaren 17an.
Girotze saioak
Bigarren aldia da Busturialdeko txapelketa Bizkaiko Bertso Txapelketatik kanpo antolatzen dena, eta girotze saioa bultzatzearen erabakia hartu dute berriz antolakuntzakoek: «Aurreko alditik ikasi eta finalari begira, beste ikuspuntu informalagoa bultzatu nahi da txapelketan, bertsolari guztiak lasaitasunean, seriotasunetik kanpo aritzeko». Horrelako saioei «seriotasuna kendu» behar zaiela defendatzen du Lurdes Ondarok. Elortegi ados dago bertsolari gazteagaz, eta gaiak ez direla sakonak izango dio: «Ez gara hausnarketa ikaragarriekin hasiko, ez dugu horrelakorik nahi».
Txapelketa herri txikietan izango da. Izan ere, herri txikietan txokoak aurkitzea «erraza» da, eta Busturialdeko Bertsolari Txapelketa ospatzeko «erraztasunak» besterik ez dituztela jartzen uste dute antolatzaileek. Afaria txokoetako arduradunek daramatela dio Elortegik, eta gehitu du herri txikietan bertso txapelketak ospatzea «aberasgarria» dela herritarrentzat.
Beraz, Busturialdeko Txapelketako saioak afal ostean egingo dira, eta publikoan egongo den jendea bertsolarien ezaguna izango da. Beste txapelketa nagusiagoetan parte hartzea baino «lasaiagoa» dela Busturialdeko Txapelketan aritzea dio Elortegik: «Bizkaiko Txapelketa handi geratzen zaiela uste duten bertsolarientzako Busturialdean aritzea errazagoa da, saioak lagunartekoak baitira». Jendaurrean agertzeko lehen aldirako «aukera onak» dira bertso saio horiek Ondarorentzat: «Ezagunak gara, eta giro informala da nagusi saioetan».
Hala ere, beti dago non hobetu, eta esperientzia horren aldeko puntua da. Astran ospatuko da finala, eta aurreko saioak bezala, final informala egitea espero dute antolatzaileek. Orain dela hiru urteko finala «serioegia» zelakoan dago Elortegi, eta horren aurrean, beste aukera batzuk aztertu behar direla dio: «Agertoki txikiagoa jartzea eta bertsolariak barratik hurbilago aritzea da asmoa. Helburua famili giroa saioan nagusi izatea da, ez baitago sufritzeko beharrik».
Hainbat maila
Barietate handiko eta maila desberdineko bertsolariak batuko dira Busturialdeko Bertsolari Txapelketan, eta horrek interesgarriagoak bihurtzen ditu saioak. Onintza Enbeita bezalako esperientziadun bertsolariagaz hasiberriak bilduko dira Belendizen, eta hori bertsolari zein entzuleentzako «aberasgarria» delakoan dago Elortegi.
Alde pertsonalari begiratzerakoan, Elortegik «ondo pasatzea» hartzen du helburu nagusitzat, ez baita kezkatu noren aurka lehiatuko den begiratzeaz. Baina finalera igarotzea eta irabaztea ere gustatuko litzaiokela dio, «zergatik ez». Hala ere, inork «momentu txarrak» ez pasatzea espero du.
Ondaroren helburua ere antzerakoa da, «ondo pasatzea» eta «lan ona» egitea bilatuko du bertsolariak.
Busturialdean era guztietako bertsolariak daude, bai adin zein mailaren araberakoak. Izan ere, asko dira bertso eskoletako ikasleak eta baita bertsotan ibilbide luzea daukatenak ere.
Barietatea aberasgarria dela esan ohi da, eta bertsogintza eskualdean nola dagoen ikusita, esan daiteke puri-purian dagoela. Bertso zaleak hurrengo hiru barikuetan eta finalaren egunean Busturialdeko Txapelketan parte hartzen duten hamazortzi bertsolariekin gozatzeko aukera izango du, lehiakortasuna baztertu eta familiarteko giroa bultzatzeko sortutako txapelketan.