Puntuz puntu Busturialdean
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa ospatuko da gaurtik aurrera eskualdean. Parte hartuko duten 18 bertsolariek kantuz beteko dituzte herri txikietako txokoak
Beraz, Busturialdeko Txapelketako saioak afal ostean egingo dira, eta publikoan egongo den jendea bertsolarien ezaguna izango da. Beste txapelketa nagusiagoetan parte hartzea baino “lasaiagoa” dela Busturialdeko Txapelketan aritzea dio Elortegik: “Bizkaiko Txapelketa handi geratzen zaiela uste duten bertsolarientzako Busturialdean aritzea errazagoa da, saioak lagunartekoak baitira”. Jendaurrean agertzeko lehen aldirako “aukera onak” dira bertso saio horiek Ondarorentzat: “Ezagunak gara, eta giro informala da nagusi saioetan”. Hala ere, beti dago non hobetu, eta esperientzia horren aldeko puntua da. Astran ospatuko da finala, eta aurreko saioak bezala, final informala egitea espero dute antolatzaileek. Orain dela hiru urteko finala “serioegia” zelakoan dago Elortegi, eta horren aurrean, beste aukera batzuk aztertu behar direla dio: “Agertoki txikiagoa jartzea eta bertsolariak barratik hurbilago aritzea da asmoa. Helburua famili giroa saioan nagusi izatea da, ez baitago sufritzeko beharrik”. Hainbat maila Barietate handiko eta maila desberdineko bertsolariak batuko dira Busturialdeko Bertsolari Txapelketan, eta horrek interesgarriagoak bihurtzen ditu saioak. Onintza Enbeita bezalako esperientziadun bertsolariagaz hasiberriak bilduko dira Belendizen, eta hori bertsolari zein entzuleentzako «aberasgarria» delakoan dago Elortegi. Alde pertsonalari begiratzerakoan, Elortegik “ondo pasatzea” hartzen du helburu nagusitzat, ez baita kezkatu noren aurka lehiatuko den begiratzeaz. Baina finalera igarotzea eta irabaztea ere gustatuko litzaiokela dio, “zergatik ez”. Hala ere, inork “momentu txarrak” ez pasatzea espero du. Ondaroren helburua ere antzerakoa da, “ondo pasatzea” eta “lan ona” egitea bilatuko du bertsolariak. Busturialdean era guztietako bertsolariak daude, bai adin zein mailaren araberakoak. Izan ere, asko dira bertso eskoletako ikasleak eta baita bertsotan ibilbide luzea daukatenak ere. Barietatea aberasgarria dela esan ohi da, eta bertsogintza eskualdean nola dagoen ikusita, esan daiteke puri-purian dagoela. Bertso zaleak hurrengo hiru barikuetan eta finalaren egunean Busturialdeko Txapelketan parte hartzen duten hamazortzi bertsolariekin gozatzeko aukera izango du, lehiakortasuna baztertu eta familiarteko giroa bultzatzeko sortutako txapelketan. Kanporaketak:Ondo pasatzea eta harremanak sendotzea du helburu txapelketak
- GAUR (BELENDIZ) Bertsolariak: Enare Muniategi, Gurutz Uruburu, Eneko Aldana, Onintza Enbeita, Beñat Bilbao eta Mikel Retolaza.
- OTSAILAK 23 (ERRIGOITI) Bertsolariak: Julen Erezuma, Nagore Beitia, Lurdes Ondaro, Koldo Gezuraga, Unai Agirre eta Julen Ibarguengoitia.
- MARTXOAK 2 (MUXIKA) Bertsolariak: Ander Elortegi, Ibai Amillategi, Asier Galarza, Iker Uriarte, Aitor Etxebarriazarraga eta Jon Arano.