Gernika RTk Euskal Ligako 2. jardunaldia lehiatuko du domekan
Escor Gaztediren kontra jokatuko du talde gernikarrak, 11:00etatik aurrera. Berez etxeko partidua da basurdeentzat, baina Urbieta Rugby Zelaiaren egoera “kaskarra” dela-eta, Zornotzako Larrea zelaian jokatuko dute.
Partidu gogorra aurreikusten dute basurdeek. Aurkari indartsua baita Gaztedi, eta gainera, zelai artifizialean izango da partidua, eta eurak ez daude ohituta. Hala, jokalari asko min hartuta daude, eta hamabost jokalarigaz joango dira Zornotzara.
Aurreko asteburuan ekin zioten Euskal Ligari. Amaiur Torneoko sailkapenaren lehen laurek ligaxka berean jokatuko dute: Gernika RTk, La Unicak, Avia Eibarrek eta Escor Gaztedik. Talde bakoitzak bi partidu jokatuko ditu beste denen kontra. Ligaxkaren irabazlea Euskadiko txapelduna izango da, eta Iberdrola Ligara igotzeko lehian izango da.
Bestalde, La Unica B, Marzola La Rioja, Durango Nissan Gaursa, Hernani, AVK Bera Bera Termas, Orkli Ordizia eta Universitario Bilbao taldeak buelta bakar batean elkarren kontra neurtuko dira.
Aurreko asteburuan Gernika RTk Eibar Aviaren kontrako partiduagaz hasi zuen Euskal Liga. Gernika-Lumoko taldeak 43-7 galdu zuen. Lukene Uriarte kapitainak esan duenez, irabazi ahal izan zuten, baina eibartarrek gernikarren hutsegiteak ondo aprobetxatzen jakin zuten.
“Gogotsu jarraitzen dugu. Ikastea, gozatzea eta aurpegia ematea da gure asmoa, eta Eibarren kontrako bueltako partidua irabaztea”, azaldu du Gernika RTren kapitainak. Hain zuzen, badakite partiduak irabaztea erronka zaila izango dela; bigarren urtea da taldearentzat eta esperientzia handia duten taldeen kontra ari dira. “Bigarren urtea izateko asko egin dugu. Denboraldi honetako gure helburua Amaiur Torneoko lehenenengo lauren artean geratzea zen, gero Euskal Ligan lehen multzoan aritzeko. Hori bete genuen eta orain badakigu zer dagoen. Esperientzia gutxi daukagu, baina gogotsu gaude”.
Hain zuzen, aurkari batzuekin konparatuta hasiberriak badira ere, kementsu jokatuz eta talde lan sendoa eginda zertarako gai diren erakutsi dute aurtengo Amaiur Torneoan. Izan ere, Hernanik eta Durangok, esaterako, urte asko daramatzate lehian, baina horiek Euskal Ligaren lehen multzotik kanpo geratu dira.
ARGAZKIAK: Aitor Lauzirika Omaetxebarria