Legoie tabernak irabazi du inauterietako mozorro lehiaketa
Guztira, hamabost tabernek parte hartu dute aurtengo lehiaketan eta, guztien artean, Legoie tabernak jantzi du irabazlearen txapela.
Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko Udaleko Jai zinegotziak banatu ditu sariak gaur goizean eta lehiaketan parte hartu dutenen artean, lehenengo hiru tabernek jaso dituzte sariok; alegia, Legoie tabernak, Brasil tabernak eta Ospa tabernakoak. Hori horrela, iazko lehiaketan irabazle atera ziren tabernek errepikatu dute aurten.
Epaileek tabernetako giroa, bezeroekiko interakzioa, edertasuna eta apaingarritasuna hartu dituzte kontuan tabernak puntuatzerako orduan. Legoie tabernak guztira 150 puntu eskuratu ditu, Brasil tabernak 145 eta Ospa tabernak berriz, 120.
Guztiek jaso dute Kultur Etxeko urteko bonoa, Gernikako dendetan erosteko 50 euroko bonoa eta oroigarria. Irabazleak gainera, txapelaz gain, Bermeoko Atxurra hotelean gau bateko egonaldia eraman du.