Saihesbideak Tellaetxe Tar Josu kaletik emango du aurrerantzean Bermeora sartzeko aukera. Aipatu sarrera 2019rako prest egotea espero dutela esan du Bermeoko Udaleko Lurgintza zinegotzi Amaia Elorzak.
Tellaetxe Tar Josu kaletik izango da sarbidea
Saihesbidearekin lotura egiteko lanak, hala ere,
Bizkaiko Foru Aldundiak esleituko dituela jakitera eman du Elorzak. Behin
lanak hasita, 10 hilabetetan amaituta egotea aurreikusten dute. “Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu ostean, eta lurrak kudeatu eta jabeekin horien erabilerari buruzko hitzarmenak sinatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidearekin lotura egiteko
lanak lehenbailehen hastea espero dugu”, esan du Elorzak.
Elorzaren arabera,
“ezinbestekoa” da saihesbideak Bermeorekin lotura edukitzea, eta horretarako
udalak “ahalegin berezia” egin duela nabarmendu du. Udalarentzat herriak aipatu sarbidea edukitzea
“lehentasuna” dela esan du, “Bermeoren zirkulazioa eta mugikortasuna hobetzeko aukera eskainiko duelako”.
Saihesbidearen sarbideak, bestalde, beste onura batzuk ere izango dituela diote: “Artikako industrialdera doazen bolumen handiko ibilgailuak (kamioiak eta autobusak) ez dira herri erditik igaroko eta herriko zirkulazioa murriztuko du. Modu horretan, oinezkoei lehentasunak emateko aukerak egon daitezke”.
Saihesbidearen sarbideak “zerbitzu garrantzitsua” ere eskainiko duela uste dute; izan ere, gune horretan, industriaz aparte, 800 garaje plaza pribatutik gora daude eta 4.000 biztanle inguru bizi dira, “Bermeoko biztanleri osoaren laurdena gutxi gorabehera”. Lotura horrekin, bertako bizilagunek zuzenean herritik irteteko aukera edukiko dute, herri erditik igaro gabe. “Horrek, zalantza barik, herri erdiko trafikoa arinduko du”, azaldu du Lurgintza zinegotziak.