Odol Emaileen Elkarteak iazko datuak jakitera eman ditu. Busturialdeko odol emateei dagokienez, datuetan
“gorabehera handirik” ez dela egon adierazi dute. 2016ko datuekin konparatuta, leku gehienetan jaitsi egin da odol emate kopurua.
Hala ere,
“autosufizientziarako helburua” betetzen dela zehaztu dute: “Alde batetik odolaren erabileraren optimizazioa lortzen delako, eta beste alde batetik, osasun protokoloetan lehen baino odol gutxiago erabiltzen delako”. Era berean, kontrola ere hobea dela azaldu dute.
Gehien jaitsi direnen artean daude Gernika-Lumo eta Mundaka; %2,5 inguru. Esaterako,
Gernika-Lumon 50 odol emate egiten dira 1.000 biztanleko. Hain zuzen, Bizkaiko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako indizeen gainetik (Bizkaian 31,9 dira 1.000 biztanleko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 39,6 1.000 biztanleko).
445 odol emaile zeuden Gernika-Lumon 2017an, eta horiek 830 odol emate egin zituzten. Hala, horietatik 45 izan ziren emaile berriak. Bizkaian 36.380 odol emate lortu zituzten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 86.175.
Autobusa Ean. Bestalde, iazko abuztuan Ean egon zen egun batez odola emateko autobusa (herriak antolatuta), eta bederatzi odol emate lortu zituzten.
Konpromiso eta ekintza solidario honi eustearen garrantzia nabarmendu dute beste behin Odol Emaile Elkarteko ordezkariek. Denen ardura dela-eta, odola emateko deia zabaldu dute:?«Odol emaileak eurak dira gure mezulari eta lekukorik onenak». Hain zuzen, horien laguntza eskertu dute, bai eta erakunde, udal, dendari eta borondatezko lagunena ere.
“Eskualdeetako ordezkaritzetan, fabriketan eta aferesiaren bidez egiten diren odol emateak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako autosufizientziako helburua lortzeko guztiz lagungarriak dira. Izan ere, orokorrean, batez besteko indizeetatik gora gaude. Pozik egoteko modukoak dira dauzkagun datuak”, adierazi dute.
Gogora ekarri dutenez, osasun asistentziaren “gehikuntza progresiboak” gero eta odol emate gehiago eskatzen ditu, osasun sistemak ondo funtzionatu dezan. Hala, odolaren osagaien transfuzioak eta odoletik eratorritako osagaiak ezinbestekoak direla azpimarratu dute gaixo askoren osasunbiderako eta bizi kalitaterako.
DATUAK HERRIZ HERRI:
- BERMEO
2017: 406 odol emaile.
2016: 417 odol emaile.
- GERNIKA-LUMO
2017: 1.031 odol emaile.
2016: 1.059 odol emaile.
- GERNIKA-LUMO (FABRIKAK)
2017: 130 odol emaile.
2016: 126 odol emaile.
- MUNDAKA
2017: 57 odol emaile.
2016: 84 odol emaile.