Martxoak 8ra begira asanblada irekia egingo dute eguenean Astran
Emakumeak Planto aldarrikapena bultzatzeko asmoagaz batuko dira bihar 18:30ean Astran; bertaratzeko gonbidapena egin diete herritarrei.
Emakumeen Egunaren harira, asanblada irekia egitera deitu dute bihar 18:30ean Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean. Emakumeok Planto aldarriagaz bat egin nahi dute herritarrek, eta egun horri begira hausnarketa egitea eta zerbait antolatzea izango dira asanbladaren puntu nagusiak.
Eguenean ospatuko den asanblada lehena denez, oraindik ez dituzte bertan landuko diren puntuak zehaztu azaldu dute. Asanbladaren helburuak, emakumeen artean planto egitearen idea zabaltzea, emakume guztiek asanbladan tokia dutela ikustea eta biltzen direnen artean zer egingo den erabakitzea dira. “Ez dago ezer erabakita, osteguneko lehen asanblada horretan erabakiko da zer egin eta nola bideratu”, aitortu dute antolakuntzakoek. Bakoitzak bere ideiak proposatzea eta horiek nola bidera daitezkeen ikusteaz arduratuko dira.
Martxoaren 8an badaude urtero ospatzen diren ekitaldiak, baina horiez gain, Emakumeok Planto deialdia berezia denez, ekimen hori lantzea “beharrezkoa” ikusten dute gernikarrek. Hala ere, bestelako ekintzekin bat egiten saiatuko dira.
Emakumeek planto egitearen inguruan sortzen ari den herri mugimenduaren aurrean, emakume talde bat batu eta asanblada egitea erabaki zutela azaldu dute: “Eragileak mugitzen ez zirela ikusita, herritarrak batu gara. Antolatzaileen artean, eremu desberdinetako emakume asko gaude”.
Kolektibo moduan agertzea “egokia” dela uste dute asanbladako arduradunek, azken finean, ideologia desberdinetako emakumeek, arazo berberak dituztela salatzen dute eta.
Antolakuntzakoek badakite sindikatuek mugitu behar dituztela lanpostuetako grebak, baina herriko asanbladan herritarrak mugitu behar direlakoan daude. Gainera, emakume guztiak asanbladara bertaratzera gonbidatu dituzte.”Ez da horrelako greba batera deitzen den lehen aldia, baina nahiko berriak dira”, diote. Halaber, horren “lanketa indartsua” egiten duten lehen urtea dela gaineratu dute, eta helburuak “poliki-poliki” lortzen joango direlakoan daude.
Erantzukizuna
Emakumeek planto egiteak horiek dituzten erantzukizunak ikustaraziko ditu antolakuntzakoen ustez: “Emakume guztiak geldituz gero, mundua bukatzen da”. Emakume guztiak beraien lanek duten garrantziaz konzienteak izan behar direla diote: “Lanpostuak begiratzen ditugu askotan, baina hortik haratago, egun osoko jardunaldiak ditugu emakume gehienok”. Egunerokotasunean emakumeek «ahalmen handia» dutela diote.
Plantora atxikitzeko modu asko daudela ere azaltzen dute asanbladako arduradunek: “Geldialdiez gain, manifestaldiak egongo dira, ekintza desberdinak eta bakoitzak ahal duena egiteko aukera du”.