Udarako prest eduki gura dute Bekoportalako erakusleiho soziala
Bekoportala proiektua herritarrei aurkezteko eta horri buruzko zehaztasunak emateko hitzaldia antolatu dute hilaren 20rako; 19:00etan izango da, Gizarte eta Kultura Etxeko GaztelekuanHerritarrekin batera zehaztu zuen Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza...
Bekoportala proiektua herritarrei aurkezteko eta horri buruzko zehaztasunak emateko hitzaldia antolatu dute hilaren 20rako; 19:00etan izango da, Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan
Herritarrekin batera zehaztu zuen Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean (Mokoneko aldatzan) dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna, eta Bekoportala izeneko proiektua erakusleiho sozial bihurtzea adostu zen. Orain, proiektu hori egiteko lanen lehenengo faseari ekingo diote. Datorren astean hasiko dituzte lanak, eta udarako prest eduki gura dituzte.Lurren mugimendua eta azterlan arkeologikoa egingo dute lehendabizi, eta, ondoren, lokalaren egokitzapena eta bere aurreko orubearen urbanizazio lanak egingo dituztela jakinarazi du Berualako zuzendari Santi Muruak. Bigarren fasean, beheko orubea urbanizatzeko lanak egingo dituzte.
Bekoportalaren erabilera bikoitza izango dela azaldu du Ugaitz Gazteluk, View Arkitektura eta Ikerketa enpresako arkitektoak eta proiektuaren egileak. Hala, batetik, herritar txikienentzako espazio irekiak zein babestuak egokituko dituzte, eta, bestetik, hainbat eratako erakusketa artistikoak eta bestelakoak gauzatzeko guneak ere sortuko dira. Azaldu duenez, erakusketetarako, esaterako, kanpotik barrura joango den metalezko errail bat jarriko dute. Hortaz, herritarrei ekimen ezberdinak egiteko aukera paregabea eskainiko die Bekoportalak. Arte erakusketak, kultur ekimenak, hitzaldiak, aurkezpenak, topaketak, kontzertuak eta bestelakoak egin ahal izango dira. Kanpoaldean, harmaila txiki bat ere egingo dute.
Horrez gain, familien arteko topagunea ere bilakatuko da, umeek eta nagusiek espazio horretan elkarrekin egoteko eta jolasteko aukera izango baitute.
Erakusleiho sozialerako guneak sortzerakoan, irisgarritasunean eta berdintasunean oinarritutako hirigintza irizpideak kontuan hartu dituztela nabarmendu du Gazteluk.
Bestalde, Alde Zaharreko nortasuna balorean jartzeko asmoz, «neurri batean» egun dagoen harrizko horma mantenduko dute, erakusleiho sozialerako sarreretako bat izanik. Kanpoan, berriz, herritarrek eskatu zuten modura, tratamendu gogorra eta berdea konbinatuko dituzte.
Euskararen transmisioa
Adin ezberdinetako herritarrak batuko dituen gunea izango denez, euskararen transmisioa bermatzeko gune aproposa dela uste du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Horregatik, milaka herritarrek parte hartu duten Geuk Eus egitasmoak presentzia edukiko du horretan. «Herritarrek euskarekiko duten harreman sendoa erakustea da helburua», esan du. Gainera, Alde Zaharrari buruzko informazio puntua ere izango da.
Proiektua martxan dagoenean, helburu bikoitza lortuko dela dio alkateak: «Alde batetik, Lamera ondoan dagoen gune degradatu bat berreskuratzea, eta, bestetik, Alde Zaharrerako sarrera eder hau balioan jartzea».
Proiektu guztiaren kostua 500.000 euro ingurukoa dela esan du Muruak. Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 109.394 euroko diru laguntza jaso du, Itsaspen programaren barne.
Herritarrekin zehaztutako proiektua izanik, orain, egingo dutenaren berri eman gura die, eta horretarako hitzaldi bat antolatu dute. Hortaz, Bekoportala proiektuaren zehaztasunak ezagutu gura dituzten horiek otsailaren 20an 19:00etan egon beharko dute Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan.
«Eredugarria»
Bekoportala proiektuko parte hartze prozesuari dagokionez, «eredugarria» izan dela esan du Bidegurenek: «Ondo diseinatutako eta dinamizatutako prozesu bat izan da. Proiektuaren hasieratik herritarren parte hartzea bermatu da eta asko izan dira prozesu horren barne jasotako ekarpenak».
Herriko pertsona eta talde ezberdinek egindako ekarpenak batu zituzten: talde politikoak, udalaren sailak, auzokideak, merkatariak, elkarteak eta herritarrak orokorrean.