Markina-Xemeingo Plazabarripea zuhaitz eta landarez beteko da etzi
XVI. Zuhaitz eta Landara eta Baserri Tresneria Azoka ospatuko da 10:00etatik aurrera. 11 mintegi eta beste hamasei postu egongo dira zuhaitz, landare zein bertako produktuak erostekoHerriko eta kanpoko landare eta lorezaintza zaleen topalekua izango da...
XVI. Zuhaitz eta Landara eta Baserri Tresneria Azoka ospatuko da 10:00etatik aurrera. 11 mintegi eta beste hamasei postu egongo dira zuhaitz, landare zein bertako produktuak erosteko
Herriko eta kanpoko landare eta lorezaintza zaleen topalekua izango da, aurten ere, Markina-Xemeingo Plazabarripea. Urtero izaten duen arrakasta ikusita, zuhaitz, landare eta baserri tresneria azoka antolatu dute beste behin, Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak. Zuhaitz eta landareen 11 mintegi eta baserri lanabesen saltzaile bat aurkituko dituzte guztira zapatu goizean Zelaiaren goiko parteko gunera doazenek.10:00etan irekiko dute azoka, eta 14:00ak bitartean egongo da zuhaizka, fruta arbola, sasoiko lore, iratze, kaktus edota landare txikiak ikusi eta erosteko aukera. Aurten ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako mintegiak batuko ditu azokak. Hala, Markina-Xemeinen egongo dira Usurbilgo Aranburu mintegia eta Urtinea Lorategia, Iurretako Ortuberri, Igorreko Artadi, Zaldibarko Areitio eta Belar, Gatikako Etxebarria, Zarauzko Lurberry mintegia, Balmasedako Balmaseda Activa, Muruetako Murueta Lorategia eta Bakioko Iturriaga.
Baserri tresnak eramango ditu azokara, bestalde, Lezamako Aurtenetxek, eta bere ondoan izango ditu landareen munduagaz harreman estua duten beste zenbait produktu salgai edukiko dituzten lau artisau ere: Larrabetzuko Eskulore (lore sikuak), Lasarteko Ines Flores (haziak), Karrantzako Samuel Cano (artisau loreontziak) eta zura lantzen duen Igor Unanue Osoro.
Gertuko 12 ekoizle
Lea-Artibai eskualdeko eta inguruetako ekoizleen produktuak eskuratzeko parada ere emango du azokak. Denetara, hamabi ekoizle egongo dira euren produktuak eskaintzen: Santamañe (Markina-Xemein) eta Barroeta (Markina-Xemein) ardi gaztadun ekoizleak; Larruz gazta (Markina-Xemein) ahuntz gaztadun ekoizlea; Axpe (Markina-Xemein) sagardo eta txakolin ekoizlea; Juan Pedro Gallastegi (Elorrio) Gernikako indaben ekoizlea; Mañeko Azpi (Mallabia), Meabeko Ogixe (Markina-Xemein) eta Labegur (Berriatua) ogigintza eta gozogintzako ekoizleak; Jesus Martinez (Zeanuri) eztigilea; Pates Eskuola (Mungia) ahatekien ekoizlea; Bodegas Solana de Ramirez (Abalos) Errioxar jatorri izendapeneko upategia eta Xabier Alonso Beltzitina (Arabako Ibarrak) marmelada ekoizle ekologikoa.
Guzti horregaz gainera, jan eta edaneko postuak ere egongo dira azokan. Horrela, azokazaleek taloa, sagardoa eta txakolina erosi eta dastatzeko aukera edukiko dute.