Kontakizunen bidez eskola jazarpenari aurre egiten ikasteko tailerra eskainiko dute Bermeoko liburutegian
6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra da Bermeoko udal liburutegian eskainiko dutena. Tailerra martxoa eta apirila bitartean eskainiko dute; guztira, sei saio izango dira, honako egunetan: martxoak 1, 8, 15 eta 22, eta apirilak 12 eta 19, denak eguenak. Saioak 18:30ean hasiko dira,
Tailerraren dinamizatzailea Nuria Dehesa izango da, eta doan parte hartu daiteke. Gehienez, hala ere, 10 umek parte hartzeko aukera edukiko dute. Interesa daukaten pertsonek aurretiaz eman beharko dute izena Bermeoko udal liburutegian.
Kontakizunen bidez balioak lantzeko eta eskola jazarpenari aurre egiteko tailerra izango da. Nuria Dehesa dinmitzataileak azaldu duenez, eskola jazarpena edo bullyinga arazo bat da eskoletan, eta horrekin amaitzeko, heziketa “ezinbestekoa” dela dio: “balio-heziketa on batek arazo horri aurre egiten laguntzen du, bai eta umeak osasuntsu eta zoriontsu izaten lagundu ere”. Hala, udal liburutegian eskainiko den tailerrean, ipuinen bidez “errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia” sustatzen saiatuko direla esan du, eskola jazarpenari aurre egiten ikasteko.
Saio bakoitzean balio bat edo bi landuko ditztela esan du Dehesak, eta, horretarako, testuetaz baliotuko dira: nobelak, ipuinak, olerkiak, igarkizunak… Ondoren, irakurmen bakoitzaren ostean, irakurritakoa aztertuko dute: gustatu zaien edo ez eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen dira gatazkak ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioak, zelan sentitzen diren pertsonaiak, zelan sentitu diren eurek entzuten zuten bitartean…
Horrez gain, saio bakoitzean ekintza bat prestatuko dute saio horretan landu nahi diren baloreak kontuan hartuta. Azkenik, klasearen amaieran, gehien gustatu zaien testua komentatzeko tartea hartuko dute, eta zergatiak ere azalduko dituzte.