Herritarrek erakutsitako elkartasuna eskertu du udalak
Azken hileotan zenbait ekimen solidario burutu dituzte Ispasterren, eta horietan herritarrek emandako erantzuna eskertu eta goraipatu du udalak.Hain zuzen, Sahararen aldeko janari eta arropa bilketa egin dute otsailean, eta santa eskean lortutako dirua...
Hain zuzen, Sahararen aldeko janari eta arropa bilketa egin dute otsailean, eta santa eskean lortutako dirua ere dohaintzan emango dute.
Halaber, Ispasterko Udalak, Ispasterko elizak, Lekeitioko Aizpa Dominikak, Erabil enpresak eta Gurutze Gorriak elkarlanean beharrizana duten pertsonei lagundu asmoz, janari bilketa egin zuten abenduan. «Saha- rara bidaltzeko janari eta arropa asko jaso ditugu. Denbora gutxian bi deialdi egin ditugu, eta herritarren partetik biek erantzun ona izan dute, eta hori eskertzekoa da», adierazi du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Oraindik ez daukate data zehatzik, baina bildutakoa Saharara laster bidaltzea espero dutela zehaztu du Saenz de Buruagak. Izan ere, Lea-Artibai eskualdeko hainbat herritan udalek edota elkarte ezberdinek jasotakoa batera bidaltzea da asmoa. Alkateak zehaztu duenez, arropak Farsiako herritarrentzat izango dira; bi herriak senidetuta daude.
Azkenengo urteetan egin dituzte aipatutako elkartasun ekimen biak, eta urterik urte duten elkartasuna erakutsi dute ispastertarrek.
Maialen Aulestiarentzat
Domekako santa eskean 1.400 euro batu zituztela azaldu du alkateak. Herri txiki baterako «kopuru polita» da, eta oso pozik daude.
Batutakotik 700 euro gaixotasun arraro bat daukan Maialen Aulestia lekeitiarrari laguntzeko izango da. 350 euro herriko Ipargorri Kirol Elkarteari emango dizkiote, eta beste 350 euroak auzolanean udalerriko iturriak berreskuratzeko lanean dabilen taldeari emango dizkiote, behar duten materiala ordaintzen laguntzeko.