Bizkaia Kirolak Sarietarako hautagai bila dabiltza
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Kirolak Sarietarako hautagai zerrenda osatzeko deialdia ireki berri du. Hala, hautagaitza aurkezteko azken eguna otsailaren 20a izango da.Edozein bizkaitarrek egin ditzake proposamenak. Zehatz esateko, pertsonek edo enti...
Edozein bizkaitarrek egin ditzake proposamenak. Zehatz esateko, pertsonek edo entitateek hautagaitza bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali daiteke kirol.zerbitzua@bizkaia.eus posta elektronikora. Nahiago izanez gero, Bilbon aldundiak duen Euskara eta Kultura Saileko Kirol Zerbitzuan (Errekalde zumarkalea 30) utzi daitezke proposamenak.
Proposamenagaz batera, saria irabazteko modukoak diren merituak edota arrazoiak aurkeztu beharko dira.
Sari horiekin jarduera fisikoa eta kirola bultzatzen nabarmendu diren pertsonak eta entitateak saritzen ditu aldundiak.
2006tik
Hain zuzen, Euskara eta Kultura Sailak 2006tik banatzen ditu aipatu sariok, bizitzaren zati handi bat kirolari eskaini diotenen lana saritzeko asmoz. Azken bi urteetako helburua oinarrizko kirolaren esparruan lan egin duten pertsonen eta entitateen lana jendaurrean aitortzea izan dela azaldu dute.
1997 eta 2002 urteen artean Bizkaian jaio diren kirolariak izan daitezke hautagaiak, bai eta Bizkaiko kirol entitateak, epaileak, entrenatzaileak, zuzendariak eta laguntzaileak ere. 2017. urtean izan dituzten «merituak hartuko dituzte kontuan». Horregaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiak baliteke aipamen berezia egitea Bizkaian kirolaren esparruan egindako lanei. Iaz sei eta aurten zazpi kategoria sarituko dituzte: talde kirola, banakako kirola, bikote kirola, epailea, entrenatzailea, kirol entitatea, zuzendaria eta/edo laguntzailea.
Iaz Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak jaso zuen erakundeei zegokien saria, «kirolari gazteenen artean egiten duen lan garrantzitsuagatik». 122 hautagaitza aurkeztu zituzten guztira sariketara.