Martxoaren 8an grebara deituta daude emakume guztiak
Euskal Herriko mugimendu feministak lanuzteak deitu ditu lan arloan, ikasketetan zein kontsumoan. Gehiengo sindikalak bat egin du grebagaz«Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Martxoaren 8an ikusiko dugu». Euskal Herrik...
Euskal Herriko mugimendu feministak lanuzteak deitu ditu lan arloan, ikasketetan zein kontsumoan. Gehiengo sindikalak bat egin du grebagaz
«Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Martxoaren 8an ikusiko dugu». Euskal Herriko mugimendu feministak hitz horiekin iragarri du Martxoaren 8rako deitu duen greba.Iazko Martxoaren 8an 70 herrialdetan baino gehiagotan egin zituzten lanuzteak, «emakumeen aurka indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean». Aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin nahi du Emakumeok planto! aldarriagaz, menpean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko.
Muga guztiak gaindituko dituen greba izango da: «Gure aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi dugu, eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu, egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala auzitan jartzeko».
Modu horretan, lan arloan, ikasketetan, zaintzan zein kontsumoan greba egitera deitu dituzte emakume guztiak. Greban parte hartzeko hainbat modu egongo dira. Batetik, ikasleei eta enpresetako langileei launa orduko bi lanuzte egiteko eskatu diete: 11:00etatik 15:00etara edo 18:00etatik 22:00etara. Bestetik, Martxoaren 8an etxerik ez garbitzeko, haurrik eskolara ez eramateko eta adineko pertsonarik ez zaintzeko ere eskatu dute, eta, grebaren seinale modura, besoko morea janztera eta balkoi edota leihoetan amantalak zintzilikatzeko eskatu dute.
Era berean, ez kontsumitzeko deia egin dute: «Agindu kontsumisten kontra altxatu gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkenengo horiek dira-eta lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak».
Gutxiago baloratuta
Nazioarteko greba izango da, «ez greba arrunta». Adierazpenean, gainera, emakume hitza erabiltzen badute ere, «genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitate» daudela gogorarazi dute.
Modu horretan, mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko direla nabarmendu dute: «Gure gorputz, gure bizipen, gure adierazpen molde, munduan egoteko modu ezberdinen aniztasunetik».
Horregatik, emakume, lesbiana, transexual eta migratzaileei egin diete deia, Martxoaren 8an eguneroko jarduna geldiarazi eta kalera ateratzeko.
Herrietan eta eskualdeetan ere, hainbat ekintzak antolatuko dira, tokian tokiko batzordeek adosten dutenaren arabera. Emakumeok Planto!-ren sare sozialetan aurkitu ahalko da horiei buruzko informazioa.
«Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta feminizatutako ogibideak eta zaintzagaz lotutakoak ezkutatu eta gutxietsi egiten ditu». Gainera, diotenez, emakumeen enpleguak ez dira modu berean baloratzen (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean). «Hartara, feminizatutako lanbideen eta autonomoen prekarietatea sustatzen du, eta ikusezin bilakatzen ditu zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek doan eginak, eta nagusiki migratutakoek. Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino gehiagok ez daukate lan kontraturik». Sistema horrek emakumeen burujabetza ekonomikoa «oztopatzen» jarraitzen duela salatu dute.
Merkatuak eta publizitateak emakumeak «sexu objektu gisara» erabiltzen dituztela gogorarazi dute, «estereotipo sexistak» erreproduzituz. Eta, hezkuntza aipatuta, «sistema patriarkala eta androzentrikoa nagusitzen dela» gaineratu dute, «emakumeen ekarpen historikoak alboratuta, eta genero rolak auzitan jarri barik».
Sindikatuen babesa
Horregatik guztiagatik, emakumeek kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahian, nazioarteko greba- gaz bat egin eta emakume guztiak parte hartzera deitu dituzte.
Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako grebagaz bat egin zuen atzo gehiengo sindikalak. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNEk Martxoaren 8ko lanuztea erregistratu zuten Bilboko Lan Ordezkaritzan. Iruñean gaur egingo dute.
Grebagaz eta egun horretarako deituta dauden mobilizazioekin bat egiteko deia egin dute sindikatuek.