Bizkaiko Foru Aldundiak hautagai-zerrenda osatzeko deialdia ireki berri du. Hala, Hautagaitza aurkezteko
azken eguna otsailaren 20a izango da.
Edozein bizkaitarrek egin ditzake bere proposamenak. Zehatz esateko, pertsonek edo entitateek hautagaitza bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako mezu elektroniko bat bidali daiteke posta elektroniko honetara:
kirol.zerbitzua@bizkaia.eus. Edo bestela Bilbon aldundiak duen Euskara eta Kultura Saileko Kirol Zerbitzuan (Errekalde zumarkalea 30, Bilbo) utzi daitezke proposamenak.
Proposamenarekin batera saria irabazteko modukoak diren merituak edota arrazoiak aurkeztu beharko dira.
Sari hauekin jarduera fisikoa eta kirola bultzatzen nabarmendu diren
pertsonak eta entitateak saritzen ditu aldundiak.
Iaz Markinako Esku Pilota Taldeak jaso zuen saria.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Hain zuzen, Euskara eta Kultura Sailak
2006tik banatzen ditu aipatu sariok, bizitzaren zati handi bat kirolari eskaini diotenen lana saritzeko asmoz. Azken bi urteetako helburua oinarrizko kirolaren esparruan lan egin duten pertsonen eta entitateen lana jendaurrean aitortzea izan dela azaldu dute.
Aurten zazpi kategoria sarituko dira: talde-kirola, banakako kirola, bikote-kirola, arbitroa, entrenatzailea, kirol entitatea, zuzendaria eta/edo laguntzailea.
1997 eta 2002 urteen artean Bizkaian jaio diren kirolariak izan daitezke hautagaiak, bai eta Bizkaiko kirol entitateak, arbitroak, entrenatzaileak, zuzendariak eta laguntzaileak ere. 2017. urtean zehar izan dituzten “merituak hartuko zaizkie kontuan”.
Horrekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak baliteke aipamen berezia egitea Bizkaian kirolaren esparruan egindako lanei.