Amaia Balsategik irabazi du Busturiko Tostada Txapelketa
San Blas jaien barruen, herritarrek hitzordu gozoena izan zuten atzo arratsaldean Axpe auzoko Aingerubide kultur etxean. Beste urte batez, ume, gazte eta nagusiak erakarri zituen Tostada Txapelketak, eta horren osteko erromeriak.
11 parte hartzaile aurkeztu ziren lehiaketara. Eurek etxean egindako ahiezko tostadadak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Epaimahaia Altamirako txokoko bi ordezkarik osatu zuten, eta euren ustez 11 zenbakia zuten tostadak izan ziren onenak. Amaia Balsategik egin zituen, baina haren senar Jabik jantzi zuen txapela. Madariaga Dorretxean dagoen Madaixaganen bi pertsonentzako bazkaria irabazi zuen txapeldunak.
7. zenbakia sailkatu zen bigarren, eta 2. zenbakia hirugarren. Hain zuzen, lehia estua egon zen bien artean; 20 puntugaz berdinduta geratu ziren, eta berdinketa apurtzeko epaimahaikideek berriro probatu zituzten aipatu zenbakia zuten tostadak. Bigarren sailkatuak 40 euroko bonoa jaso zuen San Kristobal auzoko Sarai ileapaindegian gastatzeko, eta hirugarrenak Eguzkilore tabernan gastatzeko 20 euro irabazi zituen. Halaber, gainontzeko parte hartzaileek ardo botila bana jaso zuten.
Tostada Txapelketaren ostean, Irrintzi Alai dantza taldekoen eskutik, txokolatea eta erromeria izan zuten. Kanpoko hotzaren aurrean, askok eskertu zuten txokolate beroa. Hala, kantuan eta dantzan borobildu zuten San Blas eguna.
Barikuan, Bermeon. Atzo Busturian legez, Kandelerio egunez Bermeoko Demiku auzoan lehiatu zuten Tostada Txapelketa. Aintzane Ibarguengoitiak irabazi zuen lehenengo saria. Haren atzetik Mila Orbe sailkatu zen bigarren, eta Arantza Otazua izan zen hirugarrena. Epaimahaia Benito Ibarrolazak eta Rosa Mari Garamendik osatu zuten.
Meza aurretik txupina jaurtita eman zioten hasiera Kandelerio egunari. Meza nagusiaren ostean, luntxean elkartu ziren, eta horregaz batera egin zuten tostada lehiaketa. Trikitilariak lagun, giro izugarria izan zuten eguerdian.
Gaur ere jai giroan daude Demikun. Umeen jolasez gain, luntxa eta trikiti doinuak ere ez dira falta.