Roke Alberdi Jaio: "Goi mailako puntisten aurka jokatzea gustatuko litzaidake"
Eta zein helburugaz zoaz Mexikora? Helburu nagusiak asko ikastea, ondo pasatzea eta partidu onak jokatzea dira. Nire joko maila igo nahi dut, eta hori lortzean, goi mailan mantentzea lortu. Izan ere, udan etxera bueltatzean ahalik-eta puntu gorenean egon nahi dut, etxean jokatuko diren partidetan lehiatzeko aukera izateko. Helburuak aipatuta, puntista moduan zein da zure ametsa Mexikon aritzerakoan? Goikoetxearen aurka jokatzea izango litzateke nire ametsa, Lopez edo Irastorza bikotekide edukita. Goi mailako pilotarien aurka jokatzea gustatuko litzaidake, irabaztea zein galtzea alde batera utzita. Bertan aritu izan diren eta ezagutzen dituzun beste puntistek Mexikori buruzko aholkuak eman al dizkizute? Bertan aritutakoek frontoia handiagoa eta biziagoa dela esan didate. Gernikako frontoia baino 6 metro luzeagoa dela eta bi mila metroko altueran kokatuta dagoela. Baldintza horietara ohitu gabe egoteak eragina du gorputzean, fisikoki lehenago nekatzea dakar eta. Fisikoki ahalik-eta prestatuen joatea eta partidak jokatu baino lehen bertan entrenatzea gomendatu didate lagunek. Toki guztietan gertatzen den bezala, baldintzetara egokitu beharra dago. Udan afizionatuen maila alde batera utzi eta profesional bezala debutatu zenuen Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Grand Slamaren atariko partida jokatu zenuen Lekerikagaz batera. Orain, denbora igarota, nola gogoratzen duzu esperientzia hura? Profesional moduan Gernikan debutatu nuen abuztuaren 5a egun berezia izan zen niretzako. Lekerikagaz jolastu nuen, nire kuadrillako puntista ikaragarriagaz. Beragaz bikote modura jokatzea oso erraza da, ondo ulertzen dugu elkar. Lekegaz debutatzea, Gernikako frontoian izatea debuta eta frontoia jendez beteta ikustea oso hunkigarria izan zen. Galdu egin genuen, penaz, baina partida ona jokatuta. Hurrengo astean, abuztuaren 12an, errepikatzeko aukera izan genuen, eta orduan bai, irabazi. Egun hartan sarrera guztiak agortu ziren, eta pozik atera ginen frontoitik. Lan ona egin genuela gogoratzen dut. Abenduan Enbilen bikote bezala aritu zinen bere agurrean. Enbil pilotari agur esanez eta zu hasiberri profesionaletan. Egun hura ere oso berezia izan zen niretzat. Enbil 8 urte nituenetik frontoian jokatzen ikusi izan dut, eta bere agurraren egunean beragaz jokatzeko aukera izatea oso pozgarria iruditu zitzaidan. 21 urteko ibilbidea duen zure idoloetako bategaz jokatzea edozein gaztek espero dezakeen momentua dela uste dut.“Profesional mailan jokatzeko aukera bakarra Mexikora joatea zen”
Zure ibilbidea nola laburtuko zenuke? Afizionatu mailan partidu asko jokatu dituzu, baita txapelketak irabazi ere. 8 urte ingurugaz hasi nintzen zesta-puntan jokatzen, eta Bizkaiko txapelketetan beti irabazteke egon izan gara edo irabazle atera. Beti saltsa guztietan sartuta ibili izan naiz. Euskal Herriko txapelketa bat ere badaukat irabazita, eta Bizkaiko selekzioagaz ere aritu izan naiz probintzia artekoan. Urteak igaro ahala, pausoz pauso txapelketa desberdinetan parte hartzen ibili naiz, profesionaletara igarotzeko pausoa ematera arte. Ikasketak beharrezkoak direla eta, lehentasuna eman izan diet. Orain bi urtetik hona aldiz, ikasketak bukatuta, zestan aurrera egitea erabaki nuen, eta afizionatu mailatik profesionaletara igaro naiz. Zeintzuk dira erreferente modura umetatik eduki dituzun puntistak? Goikoetxea, Irastorza, Enbil eta Diego Beaskoetxea dira gehien jarraitu ditudanak. Mexikon jokatzen dutenen artean, Goikoetxea, Irastorza, Egiguren eta Lopez azpimarratuko nituzke, izen handiko pilotariak baitira. Goikoetxeak ikaragarrizko ahalmena du pilotagaz, frontoi osora zabaltzen da, eta eskuma oso ona dauka. Lopez eta Irastorza gorputzez oso handiak dira, eta pilota ondo sartzen dute frontoian, baita kendu ere. Atzelari batek bere lana ondo egitean, aurrelariak abantaila lortzen du. Oso pilotari onak dira, guztien ahalmena nabarmenduko nuke.“Nire joko maila igo nahi dut, eta hori lortutakoan, goi mailan mantendu”