Musika eskola Gaztegunearen eraikinera lekualdatuko dute
Lekeitioko Udalak zerbitzu biak eraikin berean batera egotea posible dela ikusi du. Gaztegunearen atzeko parteko terraza itxiko dute aurtengo ekainean eta iraileanLekeitioko Udalak Musika Eskola Gazteguneko eraikinera lekualdatzeko asmoa dauka. Gaur eg...
Lekeitioko Udalak zerbitzu biak eraikin berean batera egotea posible dela ikusi du. Gaztegunearen atzeko parteko terraza itxiko dute aurtengo ekainean eta irailean
Lekeitioko Udalak Musika Eskola Gazteguneko eraikinera lekualdatzeko asmoa dauka. Gaur egun eskolan ikasten ari diren 300 ikasle inguru bi eraikinetan banatuta daudela jakitera eman dute eskoletan eta Nautikan, eta, beraz, guztiak batera egoteko, Gaztegunea dela ikusi dute aukera posiblea.«Gaztegunea zapatu eta domeka arratsaldeetan erabiltzen da, eta musika eskola aste barruan erabiliko litzateke. Horrenbestez, egoitza ezberdinak aztertzen ibili ondoren, eraikin berean gauza biak egitea posible izango zela pentsatu genuen», azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak.
Egokitu beharra
Liburutegia Gaztegunera bidali eta musika eskola kultur etxean ezartzea ere aztertu zuen udalak, herriko beste musika taldeetatik hurrerago egoteko, baina Gazteguneko eraikinak arkitektonikoki ezin dezakeela liburutegiak duen pisua eutsi azaldu du alkateak, eta, beraz, asmo hori bertan behera utzi zuten.
Hala, Gazteguneko eraikinean kokatuko dira biak, Gaztegunea eta musika eskola, eta horretarako eraikina egokitu egin beharko dute. Lan horrek 260.000 euroko inbertsioa beharko du, eta zatika egiten joatea da udalaren asmoa. «Aurten lehenengo zatiagaz hasiko gara. Gazteguneak atzeko partean duen terraza itxiko dugu lekua irabazteko».
Bestalde, eraikina banatu egingo dute, erabilera berriari lekua egiteko. Beherengo solairuan eta bigarren solairuan Gaztegunea kokatuko da, eta lehenengo eta bigarren solairuak hartuko ditu musika eskolak aste barruan. «Lehenengo solairua banatu egingo da, eta bertan musika ikasteko gelak kokatuko dira», zehaztu du alkateak.
Goiko partean, ostera, emanaldi txikiak egiteko moduko areto zabal bat utziko dute. «Erabilera anitzerako gela izango litzateke».
Udako hilabeteetan
Eraikina 2019-2020 ikasturterako amaituta egotea espero du udalak. Aurtengo lanak, berriz, ekainean eta irailean egiten saiatuko direla aurreratu dute, erabiltzailerik ez dagoenean.