Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistarako izen ematea gaur zabaldu dute
Irailean egin ordez, ekainaren 16an egingo dute aurten Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista. Bederatzigarren urtez antolatu du Aixerrotape Txirrindulari Taldeak proba, eta kirolprobak.com webgunean izena eman daiteke dagoeneko.
Otsailean edo martxoan izena emanez gero, federatuek 25 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek 35 euro.
Apirilean edo maiatzean izena ematean, ostera, 30 euro ordaindu beharko dituzte federatuek, eta 40 euro gainontzeko txirrindulariek. Bestalde, ekainean 35 euro izango dira federatuentzat eta 45 euro federatu barik daudenentzat.
Aixerrotapeko kideen berbetan, martxa “txirrindulari sutsuenek egutegian data zehatz bezala fikatzea” da euren asmoa.
Bi ibilbide. Data aldaketa ez da aurtengo nobedade bakarra. Izan ere, bi ibilbide izango ditu: 156 kilometrokoa (2.800 metroko desnibelagaz) eta 128 kilometrokoa (1.800 metroko desnibelagaz).
Aixerrotape TTk hamargarren urteurrena beteko du aurten, eta azaldu dutenez, hori ospatzeko “ibilbide ikusgarria” prestatu dute. Berritasun nagusia Oiz mendira egingo duten kronoigoera izango da: “Proba era ez lehiakorrean eta denbora kontrolik hartu gabe burutuko da, ibilbide guztiaz eta bizikletaz gozatzeko asmoarekin. Hala ere, beraien indarrak neurtu nahi dituztenentzat, Oiz mendiko kronoigoera neurtuan parte hartzeko aukera egongo da eta norberaren denbora txirrindulari profesionalek irailean Espainiako Itzulian burutuko dutenarekin alderatu ahalko dute”.
Halaber, Bakio, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibai eta Lekeitio bezalako kostaldeko herri edo leku ederretatik burutuko dute ibilbidea.